Guggenheim Bilbao Museoak Immersions izeneko doako mapping ikuskizuna aurkezten du gaur gauean, abenduaren 3an. Museoaren 25. urteurrena herritarrekin ospatzeko programatu dugu eskala handiko Immersions ikuskizuna, argiz eta soinuz osatutako esperientzia murgiltzailea. Atrioan egingo da arratsaldero abenduaren 11ra arte, Seguros Bilbaoren babesari esker. Seguros Bilbao Guggenheim Bilbao Museoaren babeslea da 1997an ireki zenetik, eta honen bidez berretsi egiten du Museoaren jarduera modu iraunkor eta jarraituan babesteko egina duen apustu irmoa. Aseguru-etxea Catalana Occidente taldeko kidea da, zeina liderra baita espainiar estatuko aseguruen sektorean, bai eta munduko kreditu-aseguruen sektorean.
Immersions 59 Productions ekoiztetxe britainiarrak 2017an Museoaren 20. urteurrena dela eta Frank Gehryren eraikinaren fatxadarako sortu zuen Reflections izeneko proiekzio zirraragarriaren jarraipena da. Orduko hartan, eraikinaren kanpoaldean proiektatu zen hiriaren eta Museoaren kontakizuna; Immersionsekin aldiz, barrualdera sartzen da, Atrioko forma organikoak mihise moduan baliatuta.
“Kurba aleatorioak argia atzitzeko diseinatuta daude”, esan zuen Frank Gehryk Guggenheim Bilbao Museoaren eraikinari buruz hizketan.
Museoaren historian izan diren mugarri garrantzitsuenen ibilbideari jarraituz, eta jatorrizko soinu-bandan inspiratuta, Immersionsek argi eta soinu inguratzailezko proiekzio-ikuskizun berezi baten erdian jartzen du publikoa. Hala, behatzaile huts izateari utzi, eta esperientzia sentsorial eta murgiltzailearen partaide izango dira ikusleak.
59 Productions
Immersions 59 Productions diseinu estudio britainiarraren azken proiektua da. Estudioak Reflections sortu zuen 2017an, eta sari ugari irabazi ditu munduko leku enblematikoenetako batzuetarako lan ikusgarriak ekoizteagatik, hala nola Londresko Dorrerako, National Theatrerako eta Londresko Royal Opera Houserako, The Metropolitan Operarako eta New Yorkeko Nazio Batuen egoitzarako, Sydneyko Operarako eta Salzburgoko jaialdirako.
Kulturaren arloan garatu dituen proiekturik berrienak hauek dira: ikus-entzunezko diseinua eta erakusketa interaktiboen diseinua Tulsako Bob Dylan Centerren (Oklahoma); Leonardo: Experience a Masterpiece Londresko National Galleryn, margolariaren talentuari eta praktikari buruzko esplorazio murgiltzailea; Barrokoaren historiari buruzko bideo-instalazio bat Londresko Hampton Court Palacen; eta proiekzioko mapping bat Abu Dhabiko Qasr Al Watan jauregian, Kultura eta Turismo Sailak enkargatua.