Ia 17.000 Lagun ditu Museoak, eta kolektibo horretako kideek hainbat jarduerez gozatzeko aukera izango dute: eraikinaren zoko ezkutuetara bisitaldiak, magia, musika emanaldiak, txikienentzako tailerrak eta ekintza artistiko baten aurkezpena.
Guggenheim Bilbao Museoak ateak zabalduko ditu datorren abenduaren 18an, astelehenarekin, 16:30etatik 20:30etara, Museoaren Lagunentzat soil-soilik; hala, hasiera emango dio jarduerez betetako Gabon-kanpainari. Erakusketen diseinu-taldearen lan-sistema bertatik bertara ezagutu, edo Artea eta espazioa eta David Hockney: 82 erretratu eta natura hil 1 bezalako erakusketen antolakuntzaren inguruko jakin-mina ase nahi duten Lagunek hori egiteko aukera izango dute, 17:00etatik 18:15era. Bien bitartean, beste Lagun talde batzuk publikoari itxitako guneetan zehar ibiliko dira: hala nola, aire-girotzea, suteen aurkako babesa edo argiztapena bisitatuko dituzte. Azken talde batek hamalau artelan teknologiko bisitatzeko ibilbidea egingo du; izan ere, Museoak lan horiek ikertu eta artatzen dihardu 2017tik.
Era berean, Lagunek Kaxa magia-ikuskizunaz gozatu ahalko dute: esperientzia berezia izango da, oso gune txikian garatuko dena, eta Nacho Diago magoaren laguntzat ezinezkoa erreal bilakatuko da. Proposamen hori 16:30etik 19:30ra izango da, Atrioan.
Museoaren Lagunen seme-alabek tailer dibertigarri batean parte hartu ahalko dute, eta bertan, bizia emango diete haiek eraldatutako objektuei. Kukuru Festival konpainiako kideen gidaritzapean, haurrek hainbat pista segituko dituzte Museoko aretoak eta Artea eta espazioa erakusketako artelan batzuk eraldatzen ikusteko. Tailer hori 17:30ean eta 18:30ean izango da.
Juan Pérez Agirregoikoa artistak eta José Mari Zabala zinemagileak joan den urriaren 1eko performance-kontzertuaren grabazioa eta bideoa aurkeztuko dituzte; 500 Lagun bildu zituen ekitaldiak, Museoaren XX. Urteurrena zela-eta. Bideoa 18:15ean aurkeztuko dute Entzungelan, eta horrez gain, performancean parte hartu zutenek pieza anitz bat jasoko dute, zenbakitua eta artistak sinatua: horren barruan, binilozko disko bat, poster bat eta kantutegi bat topatuko dute.
Leioa Kantika Korala osatzen duten ahotsekin amaituko da jardunaldia, musika sakroa nahiz profanoa, musika herrikoia, europarra, baltikoa nahiz asiarra hartzen duen errepertorio anitzarekin.
Irekiera berezi horretan zehar, Lagunek eraikinaren eta erakusketen inguruko galdera-jolas batean parte hartu ahalko dute. 18:30ak baino lehen entregatutako galdetegi guztien artean Veneziarako bidaia bat zozketatuko dugu, Viajes Mundo Amigo eta Around Art erakundeen lankidetzari esker. Halaber, Jardunaldian edariak egongo dira, Museoaren Enpresa Ongile Coca-Cola-ren eta illycaffè-ren eskutik, eta kafe-makina bat eta edizio mugatuko katiluak zozketatuko ditu azken horrek.
Jardueren ordutegiei buruzko argibideak Museoaren webgunean: https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/
HEDABIDEENTZAKO OHARRA: Museoaren Lagunentzako Ateak Zabalik jardunaldira etortzeko interesa duten hedabideak 17:00etatik 20:00etara etor daitezke.