Prentsa oharra

Gastronomia eta sormena Guggenheim Bilbao Museoan

Josean Alija eta Ferran Adrià euren sortze prozesuen berri emango dute hitzaldi banatan, Guggenheim Bilbao Museoaren 15. Urteurrena dela eta

Josean Alija, Nerua jatetxearen sukaldari-burua, bietako lehenengoa izango da. Urriaren 23an (asteartea), 15 urtez museo bateko sukaldari: jakintzaren bilakaera eta hedapena hitzaldia emango du. Alijak iaz lehen Michelin izarra jaso zuen, eta, horrez gain, besteak beste, Repsol gidako 3 Eguzki ditu eta 2011n ere Chef de L’Avenir izendatu zuten. Museoko egungo gastronomia proiektuaz jardungo du, baita urte hauetan bere sukaldaritzak izandako bilakaeraz.

Atalka landuko du bilakaera hori, alegia, Guggenheim Bilbao Museoaren jatetxearen buru izandako urtetako garai bakoitzaren plater esanguratsuenaren sormen-prozesua azalduko du. Hortaz, 15 urte hauetatik bidaia gastronomikoa izango da. Hitzaldiaren amaieran publikoak Alijarekin solas egiteko aukera izango du, bai eta haren sukaldaritzaren “sekretuetan” miatzeko aukera ere.

Ferran Adrià izango dugu azaroaren 9an (ostirala), Sukaldaritzaren lengoaia hitzaldia emateko. Haren gastronomia pentsamenduaren gakoak azalduko dizkigu, hots, oinarria, mamia. Sukaldari kataluniarra urtetan izan dute munduko onentzat; gaur egun, haren jatetxe elBulli fundazio ekologiko bihurtu ondoren, gastronomia jorratzen segitzen du, baina hura eta bestelako alorrak (diseinua, artea eta sormenezko komunikazioa) modu sinergikoan harremanetan jartzeko lan egiten du.

Adriàren hitzaldia ostean Documenting Documenta. El Bulli en Kassel dokumentala emango da. Horretan sukaldariak Documenta arte garaikide azokan 2007an izan zeneko lana azaltzen du. Amaieran, mahai-inguru bat izango da.

 

Gastronomia eta sormena jardunaldiak Museoko Entzungelan

Josean Alija: 15 urtez museo bateko sukaldari: jakintzaren bilakaera eta hedapena hitzaldia
Noiz eta non: urriaren 23an, 18:30ean

Ferran Adrià: sukaldaritzaren lengoaia hitzaldia
Documenting Documenta. El Bulli en Kassel
dokumentalaren emanaldia (Canal Plus, 2011)
Noiz eta non: azaroaren 9an, 18:30ean

Doako sarrera Museoko Lagunen txarteldegian har daitezke

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.