Prentsa oharra

Frank Lloyd Wrighten bizitza eta lana zinema-zikloa

Urriaren 26tik 31ra Guggenheim Bilbao Museoak Frank Lloyd Wrighten bizitza eta lana zinema-zikloa aurkezten du

Datorren astelehenean urriaren 26an, Guggenheim Bilbao Museoak Frank Lloyd Wrighten bizitza eta lana aurkeztuko du, arkitekto estatubatuar handiaren bizitza eta lanari buruzko dokumentalen eta fikziozko zinemaren aukeraketa bat. Filmak Museoko Entzungelan eskainiko dira urriaren 31 arte, 19:30ean.

Guggenheim Bilbao Museoan urriaren 22tik aurrera ikusgai dagoen Frank Lloyd Wright erakusketak bezala, ziklo honek sortzaile handi hau (1867–1959) omentzen du. Izan ere, bere proiektu nagusien artean dago aurten 50. urteurrena ospatzen duen New Yorkeko Guggenheim Museoa, Manhattango 5. hiribidean.

Frank Lloyd Wrighten bizitza eta lana zikloa Milano Doc Festival-ekin lankidetzan antolatu da.

Data: urriaren 26tik 31ra (29 salbu) Non: Museoko Entzungelan Noiz: 19:30ean Sarrerak leihatiletan eta Museoaren webgunean: 3 euro publiko orokorra eta 1,5 euro Museoaren Lagunak. Dagoeneko salgai leihatiletan eta Museoaren webgunean ( www.guggenheim-bilbao.eus ).

Jarraian, zikloaren egitaraua aurkituko duzue.FRANK LLOYD WRIGHTEN BIZITZA ETA LANA 2009ko urriaren 26tik 31ra

19:30ean Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan

Urriak 26, astelehena

Frank Lloyd Wright

Zuzendariak: Ken Burns eta Lynn Novick Ken Burns American Stories.

American Lives Film Project, Inc.

Ekoizpena: Florentine Productions for PBS Dokumentala. AEB (1993. Iraupena: 153 min.)

Laburpena: Wrighten eraikinek eta ideiek gure bizimodua, lan egiteko modua eta inguratzen gaituen mundua ikusteko era aldatu zuten. Bere bizitza pertsonal istilutsuak bere arkitektura-lorpenak itzalpetu zituen maiz. Batzuek gorrotatu zuten, beste batzuek, berriz, maitatu, baina gutxik uka dezakete AEBko arkitekto nabarmenena izan zela.

Urriak 27, asteartea

The Guggenheim and the Baroness (Guggenheim eta baroisa)

Zuzendaria eta ekoizlea: Sigrid Faltin Dokumentala. Alemania (2005. Iraupena: 73 min.)

Laburpena: Solomon R. Guggenheimen bizitza errotik aldatu zen Alemaniako baroisa eta pintore Hilla Rebay (arte ez-objektiboaren aitzindari izan zena) ezagutu zuenean. Euren azken urteetara arte iraun zuen harreman artistiko estua eta New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoa sortzeko biek Frank Lloyd Wrightekin izandako negoziazioak dira dokumentu liluragarri honen muina. Gainera, dokumentalean gaurdaino argitaratu gabeko irudiak ikusi ahal izango dira.

Urriak 28, asteazkena

Magnificent Obsession: Frank Lloyd Wright's Buildings and Legacy in Japan (Obsesio bikaina: Frank Lloyd Wrighten eraikinak eta ondarea Japonian)

Zuzendariak: Karen Severns eta Koichi Mori Dokumentala. AEB/Japonia (2006. Iraupena: 90 min.)

Museika-zuzendaria: Curtis James Patterson Banaketa: Boutique Films

Laburpena: Wrightek enbaxada bat diseinatu zuen Japoniarentzat, baita ikastetxe bat, bi hotel eta merkataritza- eta bizileku-zentro bat, antzoki bat, lehen ministroarentzako egoitza ofizial bat eta sei etxebizitza pribatu ere (beste batzuk ere diseinatu zituen beharbada, baina ez dugu horien daturik). Dokumental honek diseinatutako eraikinak eta oraindik irauten dutenak aztertzen ditu, eta berarentzat lan egiten zuten ikastunen bizitzak gogorarazten ditu, bere oinordekoei bildutako lekukotzen bidez.

Urriak 30, ostirala

Saving Fallingwater (“Ur-jauziaren etxea” salbatu)

Zuzendaria eta ekoizlea: Kenneth Love

Gidoilariak: Tom Dubensky eta Bill Doorley

Ordenagailu bidezko animazioa: Dean Mougianis

Musika: Henry Shapiro Dokumentala. AEB (2006. Iraupena: 54 min.)

Laburpena: Dokumental honek arkitektura organikoaren ikono gorena den etxe hau bere kokapen bereziko uretan erortzea eragotzi zuten arkitekto, ingeniari eta historialarien historia kontatzen du. Egituran pitzadurak aurkitu zituztenetik eta zaharberritzeko asmatutako estrategietatik hasi eta guztiz ez suntsitzeko izandako erlojupeko lasterketaraino, dokumentalak zaharberritze-prozesu konplexua erakusten du bere osotasunean. Irudi eta grabazio esklusiboak, elkarrizketak, ordenagailu bidezko animazioa eta inoiz eman gabeko dokumentazio historikoa aurki daiteke.

Urriak 31, larunbata

The Fountainhead (Iturburua)

Zuzendaria: King Vidor (1949. Iraupena: 82 min.)

Antzeleak: Gary Cooper, Patricia Neal

Banaketa: Warner Home, Madril. DVD

Laburpena: Howard Roak pertsonaia arkitekto ospetsu eta polemikoa izan zen, eta AEBko 1940ko hamarkadako arkitektura-munduaren zurruntasuna auzitan jarri zuen (Gary Cooper-ek maisuki interpretatzen du). Bada, bere bizitzak eta Frank Lloyd Wrightenak hainbat antzekotasun dituzte.

 

JATORRIZKO BERTSIOAK GAZTELANIAKO AZPITITULUEKIN.

 

Bilbon, 2009ko urriaren 23an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.