Prentsa oharra

Frank Lloyd Wright erakusketaren harira ibilbide bat antolatu da

Guggenheim Bilbao Museoak “Frank Lloyd Wright-en ondarearen bila” egitaraua antolatu du, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin lankidetzan, Bizkaiko eraikinetan arkitekto haren aztarna ezagutzeko

Autobusez egingo diren ibilbide hauetan (publiko orokorrari ere eskaintzen zaizkio) AEBko arkitekto bikainaren ideiek Getxoko familia bakarreko hainbat etxebizitzatan eta eraikin publikoetan nola eragin zuten ikusi ahal izango da.

Frank Lloyd Wrighti eskainitako erakusketa dela eta (ikusgai izango da datorren otsailaren 14 arte), Guggenheim Bilbao Museoak gidaridun bisitaldiak antolatu ditu, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Bizkaiko Ordezkaritzarekin lankidetzan, urtarrilaren 31n eta otsailaren 7an eta 14an (guztiak igandea). Bisitaldi horietan Frank Lloyd Wrighten ideiek Getxoko hainbat erakinetan utzitako aztarna aztertuko da.

Lehenengo ibilbidea Museoaren Lagunentzat soilik izan zen joan den igandean, urtarrilaren 24an, eta izan zuen arrakasta dela eta, Museoak egitaraua publiko orokorrari eskaintzea erabaki zuen.

Bi orduz, EHAEOeko arkitektoek arkitektura modernoaren aitzindari honen pentsamoldearen alderdi garrantzitsuenak azalduko dizkiete partehartzaileei autobusez egingo diren bisitaldi hauetan. Horrez gain, ikuspegi berezi horrek Frank Lloyd Wrightek Getxoko itsasadarreko inguruetan (familia bakarreko zenbait etxetan eta erakin publikoetan) izan zuen eragina erakutsiko die esku-hartzaileei.

Arkitektura organikoa deitutakoaren erakusle nagusitzat hartua, egin zuen lehenengo ekarpenenetako bat espazioa berriz definitzea izan zen: eraikinen barnealdea nabarmendu zuen kanpoaldeko egituraren eta itxuraren gainetik eta hala, bizitzeko ziren espazioak sortu zituen. Wrightek XX. mendeko etxebizitzaren ideia aldatu zuen eta “kutxa itxi” bat izatetik “paisaian eta paisaiarentzat” sortutako esperientzia bilakatu zen.

Parte hartu nahi dutenek 944 35 90 12 telefonora deitu beharko dute erreserba egiteko, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

Frank Lloyd Wright erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoan otsailaren 14 arte ikusgai izango dena, Europan XX. mendeko arkitekto gailen bati eskaini zaion zabalena eta sakonena da. Bertan 200 bat artelan ikusi ahal izango dira, bere proiektu ameslariak azaltzen dituzten jatorrizko marrazkiak, maketak eta animazio digitalak artean direla.

AUTOBUSEZ EGINGO DIREN IBILBIDEEN DATAK: urtarrilak 31 eta otsailak 7 eta 14
IRTEERA ORDUA: 11:00
IRISTEKO ORDUA: 13:00
TOPAGUNEA: Guggenheim Bilbao Museoa
IRAUPENA: 2 ordu g.g.b.
PREZIOA: Museoaren Lagunak 11 eta Publiko orokorra 15
€
ERRESERBA egiteko deitu 944 35 90 12 telefonora, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.