Prentsa oharra

Familiarentzako jarduerak

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK FAMILIARENTZAKO JARDUEREN EGUTEGIA AURKEZTEN DU

Bihar, martxoaren 2an, Guggenheim Bilbao Museoak diseinatu duen 2002. urterako familiarentzako jardueren egitaraua hasten da. Urte osoan zehar luzatuko den egitarau hau BBKren babesari esker gauzatuko da eta hainbat ekitaldi barne hartzen ditu: gaika antolatutako dohainikako gidaridun bisitaldiak, txotxongiloak, material didaktikoak eta gaikako tailerrak. Horietan helduek haurrek bezain beste gozatzeko aukera izango dute.

Urteko hilabete bakoitzean jarduerak gai zehatz baten inguruan antolatuta egongo dira, arteari lotutako kontzeptu batzuk aztertu ahal izateko. Aldi bakoitzean, kontzeptu horiek Bilduma Iraunkorraren aurkezpenen eta aldi baterako erakusketen lan-sorta batek irudikatuko ditu.

Horrela, martxoan Ezagutu ezazu artea bost zentzumenen bidez! izenburu orokorrak barne hartzen dituen jarduerak burutuko dira. Horietan zentzumenekin zerikusia duten kontzeptu artistiko batzuk ikasi ahal izango dira, esate baterako: sonoritatea, ehundura, materiala, edo ikusmenaren pertzepzioa.

Apirileko jarduerak Safaria Museoan zehar izenburupean biltzen dira eta artearen mundura modu irudimentsu eta dibertigarri batean hurbiltzeko aukera emango dute Puppy, Ama edo Sugea bezalako artelanei esker. Aldi berean, zenbait kontzeptu geureganatu ahal izango dira, esate baterako, narrazioa, eskala, figurazioa eta abstrakzioa.

Familiaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, eta adin guztietako familiako kideak parte hartzera animatzeko asmoz, bereziak bezain erakargarriak diren jarduera batzuk antolatu ditugu maiatzean, besteak beste tailerrak eta txotxongilo emanaldiak.

Azkenik ekainean, Artea ikasbide egitarauaren urteroko erakusketarekin bat eginez, jarduera artistikoen bidez eskola‑curriculumaren ikasgaiak —esate baterako historia, geografia, teknologia eta abar— sendotzeko modua izango dugu aztergai.

Jarduera horietan guztietan gure inguruko artistek parte hartuko dute, horien artean Roberto Landeta, Aitziber Aguirre, Aiora Kintana, Mercedez Périz edo Begoña Zubero aurkitzen direlarik.

Bigarren seihilekoan bestelako gai eta kontzeptu batzuk jorratuko dira. Honela gazte zein helduek artearen munduarekiko duten harremana sustatu nahi da, modu hezigarri eta dibertigarrian.

*Informazio gehiago behar izanez gero deitu 944 35 90 80 telefonora

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.