Familientzat prestatu diren jarduerak banku fundazioaren laguntzaz antolatu dira
Guggenheim Bilbao Museoak abenduak 20 eta urtarrilak 5 artean hainbat jarduera proposatuko dizkie familiei: %100 ekologikoa den tailerra, hondakinik eratzen ez dituena eta hurbileko materialak erabiltzen dituena; igarkizunak asmatzeko jokoa naturari eta paisaiari begi berriekin begiratzeko; eta gizakiok ingurumenean zer ondorio dugun erakusten duen antzezlana.
Aurten, Gabonak… berdeak! lelopean burutuko dira jarduerak Museoan.
Guggenheim Bilbao Museora abenduaren 20tik aurrera hurreratzen diren 3 eta 11 urte bitarteko haurrek arretaz bisitatu beharko dute Museoa xehetasun guztiei erreparatuz eta ematen dizkieten arrastoei jarraituz naturari eta paisaiei buruzko igarkizunak asmatu ahal izateko. Horrela ikasiko dute zuhaitzak eta natura askotan izan direla artisten inspirazio-iturri. Gabonetako egun hauek egokiak izan litezke paisaia eta ingurugiroa zaintzeak duen garrantziari buruzko gogoeta egiteko, arteaz gozatzen duten bitartean.
Abenduaren 28an familia osoarentzako ikuskizuna izango da Museoan: Loo. Antzezlan honen protagonista den neskatoak mendebaldeko lautada indogangetikoan ibiltzen den haize epel baten izena du. Publikoa eszenografia berezi batean murgilduko da, oso sentsoriala, zeinak ez baitu testurik eta argi- eta soinu‑efektu dotoreak baititu. Antzezlanak aurrera egin ahala, gizakiok ingurumenean zer ondorio dugun ikusi ahal izango dute ikusleek. Ponten Pie konpainiak antzezten duen ikuskizunaren xedea bikoitza da: alde batetik neska-mutilek ondo pasatzea eta, bestetik, kontsumo arduratsuari eta ingurumena zaintzearen garrantziari buruzko kontzeptuak ikas ditzatela. Emanaldi bikoitza izango da Museoko Entzungelan, 12:30etan eta 18:00etan.
Gabonetako tailer %100 ekologikoan Museoaren Lagunen 3 eta 11 urte bitarteko seme-alabek Thomas Struth argazkilariaren paisaiak hartuko dituzte inspirazio-iturritzat naturala denaren eta gizakiek moldatutakoa denaren arteko ezberdintasunei buruz hausnartzeko. Taldeko sormen esperimentala bultzatuz, material naturalak zein artifizialak erabiliko dituzte haurrek paisaiei erreparatzeko modu berriak ikasteko eta haien paisaiak sortzeko. Tailer honetan haurrei ohartarazi nahi zaie hondakinak murrizten saiatu behar dugula sorkuntza‑lan jasangarriak eginez. Tailerrak abenduak 23, 26 eta 27an eta urtarrilak 2 eta 3an burutuko dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Museoak abiarazi duen artista egoiliarrentzako programan parte hartzen duten Miren Arenzana, Zaloa Ipiña eta Karlos Martínez-Bordoy artistek eskainiko dituzte jarduerak.
Gabonetan Museoan burutuko diren familientzako hezkuntza-jarduera hauek BBK-ren laguntzari esker antolatu dira.
GABONETAKO AGENDA
- Sormen-jokoa. Igarkizunen orria: Abenduak 20–urtarrilak 5 / 3–12 urte bitarteko haurrak.
- Familientzako ikuskizuna: Loo – Abenduak 28. 2 emanaldi: 12:30 eta 18:00 / 2 urtetik aurrera.
- Tailer %100 ekologikoa. Euskaraz: abenduak 26 eta urtarrilak 3; gaztelaniaz: abenduak 23 eta 27, urtarrilak 2 / 3–11 urte bitartean. Miren Arenzana, Zaloa Ipiña eta Karlos Martínez-Bordoy artisten eskutik.
Sarrerak dagoeneko salgai webgunean eta Museoko leihatiletan.