2019ko Aste Nagusiak jazzaren zaleak bilduko ditu beste behin ere BBK Jazz Guggenheim Gauak festibalean. Abuztuaren 20tik 23ra, Museoko Atrioak estatuko nahiz nazioarteko musikari garaikideen emanaldiak hartuko ditu; gainera, publikoak aukera izango du erakusketak bisitatu, eta gauez kopa bat hartzeko, 23:15etik 2:00etara.
BBK Jazz Guggenheim Gauak abuztuaren 20an hasiko dira, asteartearekin, New Yorkeko jazz eszenako piano-jotzaile onenetako baten eskutik: Michael Kanan. Harekin batera arituko dira Guillem Arnedo bateria-jotzailea eta Dee Jay Foster kontrabaxu-jotzailea. Michael Kanan Bostonen jaio zen, Massachusetts estatuan, eta 1991n New Yorkera joan zen. Han hasi zuen bere ibilbide profesionala, Kurt Rosenwinkel, Mark Turner eta Jorge Rossy bezalako musikariekin jotzen eta grabatzen. 1996an Jimmy Scott abeslari ospetsuaren taldean sartu zen, eta 2001ean jazz garaikideko abeslaririk ezagunenetakoa den Jane Monheit-en laguntzaile eta moldatzaile moduan hasi zen.
Abuztuaren 21ean, asteazkenarekin, Lucía Pulido eta Miguel “Pintxo” Villar izango ditugu. Juan Pablo Balcazar kontrabaxu-jotzailearekin eta Juan R. Berbin bateria-jotzailearekin osatzen duen hirukotea aurkeztuko digu Lucía Pulidok. New Yorken bizi den abeslari kolonbiarrak Miguel “Pintxo” Villar saxofoi-jotzaile nafar handia izango du artista gonbidatu moduan. Ahots indartsu eta sofistikatudun abeslariak Kolonbiako genero tradizionalak interpretatuko ditu, hala nola, Kostalde Atlantiarreko cumbia eta bullerenge-a, Pazifikoko currelao-ak, ekialdeko Los Llanos eskualdeko joropo-ak, edo Kolonbiako behizainen kantuak.
Abuztuaren 22an, ostegunarekin, Itxaso euskal kantariak bere laukote-formatuko azken proiektua aurkeztuko du Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan. Nazioarteko sona duten hiru musikari ditu bidelagun: Daniel Pérez gitarra-jotzailea, Gorka Benítez saxo-jotzailea eta Borja Barrueta bateria-jotzaile getxoztarra. Itxaso euskal jazz munduko ahotsik finkatuenetakoa da, eta hainbat talderekin lan egin izan du: Luis Canal, Joan Monné, Albert Sanz, Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Jon Urrutia, Tereza Zabalza, Gontzal Mendibil, Amaya Uranga, Kepa Junkera edo Diego Vasallo, besteak beste.
Azkenik, abuztuaren 23an, ostiralarekin, Myriam Latrece abeslariak “Quiero Cantarte” disko berria aurkeztuko du nazioarteko musikariz lagunduta: Pablo Martin Caminero kontrabaxu-jotzailea, Michael Olivera maisu kubatarra bateria jotzen, eta estilo ezberdinetan aritua den Marco Mezquida piano-jotzailea. Abeslari madrildarrak kultura ezberdinen eragina duten abestien sorta mestizoa ekarriko digu, eta miresten dituen artistek, esate baterako Lole y Manuel, Serrat, Djavan eta Camarónek, bere abeskeran utzitako lorratza agerian utziko du.
BBK Jazz Guggenheim Gauak festibaleko publikoak aukera izango du, halaber, Museoaren programazio artistiko erakargarriaz gauez gozatzeko; honako erakusketak topatuko dituzte: Jenny Holzer. Zera deskribaezina; Atzera begira: Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak; Lucio Fontana. Atarian; Jesper Just: Ikuskizun izengabe hau. Data horietan, gainera, aukera izango da Artea ikasbide erakusketa bisitatzeko, hau da, EAEko ikastetxeetako ikasleek egindako artelanen hautaketa.
Programa: BBK Jazz Guggenheim Gauak 2019 (23:15–2:00)
20 asteartea
MICHAEL KANAN Trio
Michael Kanan pianoa
Guillem Arnedo bateria
Dee Jay Foster kontrabaxua
21 asteazkena
LUCÍA PULIDO Trio + Miguel “Pintxo” Villar
Lucía Pulido ahotsa, kuatroa eta perkusioa
Miguel “Pintxo” Villar saxoa
Juan Pablo Balcazar kontrabaxua
Juan R. Berbin bateria
22 osteguna
ITXASO 4tet
Itxaso ahotsa
Gorka Benítez saxo tenorra eta flauta
Dani Pérez gitarra
Borja Barrueta bateria eta perkusioa
23 ostirala
MYRIAM LATRECE 4tet
Miryam Latrece ahotsa
Marco Mezquida pianoa
Pablo Martín Caminero kontrabaxua
Michael Olivera bateria
Sarreren prezioa: 17€ publiko orokorra / 9 € Museoaren Lagunak eta egun horretako bisitariak.