Prentsa oharra

Ekintza berezi bat aurrera eramango du Guggenheim Bilbao Museoak Arriaga plazan, Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak erakusketa dela

Maiatzaren 27an eta 28an Arriaga plazatik igarotzen direnek aukera izango dute Museoak Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak erakusketaren harira jarritako instalazio bat ikusteko —erakusketa Fundación BBVAk babestu du eta ikusgai izango da irailaren 4 arte—. 30 metro koadroko gela edo kutxa bat da, Louise Bourgeoisen unibertsora sartzeko bide ematen duena: hurbiltzen diren bilbotar zein turistek artistaren artelanen, hausnarketen eta argazki pertsonalen aldi bereko hainbat proiekzio ikusi ahal izango dituzte.

Arte garaikidearen artista gailen horren artegintza hurbildu nahi dio publikoari Guggenheim Bilbao Museoak ekimen honen bidez. Bourgeoisen munduan murgiltzeko aukera eman nahi du, haren artelan ikusgarri eta hunkigarriei buruzko jakin-mina pizteko.

Hartara instalazioa guztiontzat zabalik egongo da gaur, ostirala, eta bihar, larunbata, 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 22:00etara. 5 pertsona sar daitezke aldi berean. Irteterakoan norberaren mamuez eta ardurez askatzeko aukera emango dugu; izan ere, frantziar-estatubatuar artistak horretarako erabiltzen zituen beraren artelanak.

Bilbo, 2016ko maiatzaren 27a

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.