Prentsa oharra

Deetron, Legal Shot eta Las Tea Party Dj’s 2017ko Art After Dark lehenengo saioan

Datorren urtarriralen 20an, Art After Dark-en saio berri bat hartuko du Guggenheim Bilbao Museoak. Urteko lehenengo honetan Suitzatik datorren Deetron-en musika elektronikoa izango da. Duela hogei urte baino gehiago murgildu zen agertoki musikalean. Orain, mundu osoko klub eta jaialdietan izaten da, bere hiru platereko saio, birnahasketa eta askotariko ekoizpen-sortak biziki estimatuak baitira. Nahasketak egiteko egundoko gaitasuna du eta bere sortze-prozesuan biniloa funtsezko baliabidea da. 2013an, Deetronek house eta tekno musiken alorrean leku paregabea izan zuen, etiketa berezi bati loturik egon gabe. Bere bigarren albumean, Music Over Matter, dantza-pistarako konposizioak bildu zituen, house eta tekno musiken munduko gonbidatu berezi batzuekin, besteak beste: Hercules & Love Affair, Seth Troxler eta Ovasoul, George Maple, Ben Westbeech aka Breach eta Fritz Kalkbrenner. 2014an The Juan Maclean, High Contrast, Matador’s Glasser, Gorgon City eta No Artificial Colours taldeentzako birnahasketak egin zituen, eta erakutsi zuen, berriz ere, edozein generoko erronkak onartzeko gai dela. Deetronentzat musika da dena, eta grina hori argi ikusten da bere Character diskoetxean. Diskoetxe horretako lehen bi lanak 2014an agertu ziren dendetan: Mars (Deetron & Ripperton) eta Theory Of Light (Deetron). 2015ean, Deetronek birnahasketa-sail ikaragarria egin zuen, Tiga & Huxley, Headless Ghost eta baita José Padilla ere oinarri hartuta. Character diskoetxearen hirugarren lanean, Deetron beraren The Believer diskoan, Chicago eta Detroit hirienganako mirespena adierazi zuen.

Gaueko 11etatik aurrera Legal Shot arituko da. Taldeak badu aparteko zerbait. Urteetan erakutsi dute hori Legal Shot Records, Dub Me Crazy Radio Show eta Legal Shot Sound System indartsuaren bitartez, adibidez. Europako dub eta bass musiken eta soinu-sistemen agertoki txundigarria aberastu dute rub a dub estiloa eta digital jamaikarra eguneratuz, eta genero horietako jaialdi guztietan erakutsi dute disko-zorro ezin aberatsagoa dutela, mozketa esklusiboez josia.

Gauari hasiera emateko Las Tea Party Dj’s Bilboko bikotearen beste saio bat izango dugu. 2010ean batu eta gaur egun Fever aretoko DJ finkoak dira eta beren saioetan moombah zein trap jartzen dituzte, besteak beste. Entzuleekin harreman bikaina sortzen dute eta energia bizi-bizia eransten diete, dantzarako gogoa sortuz. Oraingoan, Las Tea Party DJ’s bikoteak hogeiko hamarkadako swing musikarekin hasiko dute saioa, musika elektronikoak ematen dien nortasuna inola ere galdu gabe, eta UK bass / future bass soinuekin amaituko dute.

Art After Dark saiora bertaratzen direnek, 22:00etatik 01:00era, Hermann eta Margrit Rupf Bilduma, eta Albert Oehlen: Irudiaren atzean erakusketez gozatzeko aukera izango dute; baita Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako mailsulanak eta Fiona Tan artistaren Ekialdera begira, galduta bideoinstalazioaz ere.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.