Prentsa oharra

Bruno Oteiza sukaldariak Guggenheim Bilbao Museoan hitz egingo du nahasketa kulturalak gastronomia-sorkuntzan duen paperari buruz

Bruno Oteiza, Mexiko Hirian dagoen Biko jatetxeko sukaldari-burua, Guggenheim Bilbao Museoan arituko da datorren otsailaren 22an. Bere hitzaldian, atzera begiratu eta bere ibilbideari buruz mintzatuko da, bai eta sukaldaritza-estilo berria sortzeko oinarri izan dituen sormen-ardatzei buruz ere.

Chef donostiarra Mexikon bizi da 1993tik, eta bere jatetxea The World’s 50 Best Restaurants zerrendaren barruan dago. Hitzaldira bertaratzen direnek aukera izango dute etengabe eraldaketan dagoen eta erro euskaldunak identitate mexikarrarekin uztartzen dituen sukaldaritza mota baten sormen-gakoak zeintzuk diren ezagutzeko.

Hori izango da Sormena Gastronomian zikloko lehen saioa: Guggenheim Bilbao Museoan izango du lekua 2017. urtean zehar, eta nazioarteko sukaldari ospetsuak izango dira bertan; horiek beren ezagutza, esperientzia eta sukaldaritza jorratzeko duten modua partekatuko dute entzuleekin. Hitzaldi-zikloa, halaber, TopARTE programaren baitan dago; azken hori Museoaren XX. Urteurrena dela-eta sortu da, eta Museoaren espazioak diziplina guztietako kultura eragile eta erakundeei zabaltzeko asmoa du: musika, zinema, bideoa, dantza, performancea, antzerkia edo gastronomiari, alegia.

Hitzaldia eman eta hurrengo egunean, otsailaren 23an, Bruno Oteizak “Ongi etorri. Cenas a cuatro manos” deitutako ekimenean parte hartuko du Josean Alija Guggenheim Bilbaoko Nerua jatetxeko sukaldari-buruarekin.

Eguna eta ordua: otsailak 22, 18:30ean.

Lekua: Museoko Entzungela

Sarrerak: doan; ezinbestekoa da aurretiaz txarteldegian edo webgunean eskuratzea.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.