Prentsa oharra

Bildumagintza

Guggenheim Bilbao Museoak bildumagintza egitarau esklusiboa sortzen du Museoaren Lagunentzat

Guggenheim Bilbao Museoaren Hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldien artean, kategoria guztietako Museoaren Lagunei zuzendutako programa bat jarri da abian. Programaren helburu nagusia da arte garaikidea Lagunengana gerturatzea eta aldi berean, bildumagintza bultzatzea 15.400 pertsona baino gehiagok osatzen duten erkidego honetan.

Ekimena martxoan hasi da eta bertan Bilbao Contemporáneo ekonomia-intereseko taldea (E.I.T.) osatzen duten ondorengo galeriek parte hartzen dute: Aritza, Carreras Múgica, Ederti, Espacio Marzana, Juan Manuel Lumbreras, Vanguardia, Windsor Kulturgintza eta Xanon. Lagunek galeriek aukeratutako artista garaikideen obrak izango dituzte eskura, oso baldintza onuragarrietan. (Ikus aukeratutako obrak eranskinean.)

Horretarako, hilabetero diru-kopuru finko bat aurreztuz (100 euro behe-mailakoentzat eta 200 euro goi-mailakoentzat), Museoaren Lagunek aukeratutako lanak eros ditzateke. Artelanak erosteko eskabideak 2007ko maiatzean zehar helaraziko zaizkio Guggenheim Bilbao Museoari.

Lagunek metatutako diru-kopuruak artelanak erosteko bakarrik erabil daitezke, Bilbao Contemporáneo Erosketa Elkartearen bitartez. Hala ere, parte hartzaileek proposatzen zaien eskuraketa ez egitea aukeratu dezakete ekitaldiaren amaieran. Horrela eginez gero, diru-kopuru hori beste urteetarako saldo erabilgarriari gehituko zaio.

Datorren apirilaren 2tik aurrera, Museoaren Lagunek programan parte hartzeko eskaera orria izango dute eskura Hamargarren urteurrenaren web orrian (www.gubilbao.com), edo Museoaren Lagunen Zuzendariordetzan.

Gainera, ekimen honek Lagunei informazioa bidaltzea eta Erosketa Elkartean eskainiko diren artelanak aurkeztea aurreikusten du, apirilaren amaieran hasita, Bilbao Contemporáneo osatzen duten galeriak bisitatuz.

Bilbo, 2007ko martxoaren 29a

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.