Guggenheim Bilbao Museoak bere XX. Urteurrenaren ospakizunen barruan Bilboko paisaian gertatu diren eraldaketa sakonak erakusten dituen argazki-saila aurkeztu du. Argazkiak panel handietan muntatuta daude eta Museoa kokatuta dagoen inguruan XIX. mendetik gaur arte egon diren birmoldaketa guztiak erakusten dituzte hurrenkera kronologikoan.
Hamabi panelak Abandoibarra pasealekuan daude ikusgai, Guggenheim Bilbao Museoaren bi aldeetan; bakoitzak 4 metroko zabalera eta 1,5 metroko altuera ditu. Argazkiek Bilboko hiriaren iragan industriala nahiz post-industriala bistaratu eta gogorarazten digute, eta bizitza kalitatearen eredu eta turismoarentzat erakargarria den gaurko hiria bihurtzeko egin duen ibilbidea erakusten dute.
Hiriaren historiaren berrikuspen honek iragana eta oraina alboz albo jarri, eta agerian uzten du Guggenheim Bilbao Museoak gaur egun ezagutzen dugun hiri-identitatearen taxuketan izan duen garrantzia. Izan ere, Museoaren XX. Urteurrenaren leloak dioen bezala: arteak dena aldatzen du.
Argazkiak irailera arte egongo dira ikusgai. Erakusten diren antzinako irudiak Bilboko Udal Artxiboak, Euskal Museoak eta Bilboko Portuaren Agintaritza duten ondare dokumentalari esker berreskuratu dira eta Mikel Alonso eta Fede Merino argazkilari bilbotarrek osatu dituzte, oraintsu egin baitituzte argazkiak ikuspegi berdinak toki berdinetik aterata.
Argazkiak digitalizatu eta prozesatu ondoren, kalitate handiarekin erreproduzitu dituzte aluminiozko xaflen gainean Chromaluxe Art izeneko sublimazio-prozesua baliatuz.
Erakusgai dauden 12 argazki bikoteak beste 28 bikoterekin batera bildu dira TRANSFORM. Arteak dena aldatzen du izenburua duen liburuan; liburua salgai dago Museoko Denda-Liburudendan.