Prentsa oharra

BBKk eta Guggenheim Bilbao Museoak bere 25. urteurrena ospatzeko erakusketa berria dohainik bisitatzera gonbidatzen dituzte EAEko biztanleak

Museoaren 25. urteurrena dela eta, datorren urriaren 13an, ostegunarekin, EAEko biztanleak sarrerak erreserbatzen hasi ahalko dira sei astetan zehar (urriaren 25etik abenduaren 2ra bitartean) Guggenheim Bilbao Museoa dohainik bisitatzeko. “Denontzako BBKartea para todos” izeneko ekimena bat dator Museoaren Bilduma eraikineko erakusketa-gune guztietan ikusgai jarriko duen jendaurreko aurkezpenarekin, eta EAEko biztanle guztiekin partekatzea eta haiei esker ona helaraztea du helburu, bereziki Museoari eman dioten babesagatik eta gizartean errotzen lagundu izanagatik, horixe izan baita erakundearen arrakastaren gakoa.

Nahi duten egoiliar guztiek gonbidapenarekin bat egiteko eta Museoaren 25. urteurrena ospatzeko aukera izan dezaten, doako sarrera ugari jarriko dira eskuragarri Museoa irekita dagoen ordutegian erabili ahal izateko, hau da, 10:00etatik 19:00etara asteartetik igandera. Ordu-tarteak betetzen joan ahala, desaktibatu egingo da data eta ordu horiek hautatzeko aukera.

Pentsatzekoa da asko izango direla bertaratuko direnak; horrenbestez, bai BBKARTEA sarrerarekin bai sarrera arruntarekin datozen bisitariak (beste autonomia erkidego eta herrialde batzuetatik etorriak azken horiek) erraz sartu eta esperientziaz behar bezala gozatzeko moduan izango direla bermatze aldera, ezinbestekoa izango da gonbidapenak aldez aurretik erreserbatzea data eta ordu-tarte jakin baterako.

Erreserbak Museoaren webgunearen bidez egingo dira. Webguneko SARRERAK atalean BBKARTEA aukera egongo da erabilgarri, ordaintzekoa den sarreratik bereizita. Gonbidapenak eskuratzeko, EAEko biztanleek beren NAN agirian agertzen den helbidearen posta-kodea adierazi beharko dute, eta pertsona batek lau sarrera erreserbatu ahalko ditu gehienez. Mota horretako gonbidapenarekin datozen guztiek EAEn bizi direla egiaztatzen duen agiri bat erakutsi beharko dute Museora iristean, eta BBKartea izenarekin identifikatutako atetik sartuko dira.

Sarrerak online hartzerik ez dutenentzat badago erreserba egiteko beste modu bat: 945 551 380 telefonora deitu dezakete, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara. Bai webgunean, bai telefono bidez, erreserbak urriaren 13an aktibatuko dira 9:00etan, eta ekimenak dirauen bitartean egongo dira irekita.

Museoko ateak denentzat doan zabalik asteburu batez

Azaldutako ekimenaz gain, urriaren 22 eta 23ko asteburuan Guggenheim Bilbao Museoak dohainik zabalduko ditu ateak mundu guztiarentzat bere urteurrena ospatzeko helburuz. Asteburu horretarako sarrera ziurtatzeko, aldez aurretik erreserbatu beharko dira txartelak Museoaren webgunean, urriaren 18tik aurrera. Egun horietan sarrerarik gabe bertaratzen direnak tokia badago sartu ahalko dira soilik, ilaran zain egon ondoren.

Informazio gehiago:  944 359 080, Museoaren ordutegian.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.