Prentsa oharra

Aste nagusia

Ametsa sugarretan argitua musika eta dantza bertikala uztartzen dituen ikuskizun bikainak bukaera emango die Aste Nagusi-ko ekintzekin bat egiteko asmoz Guggenheim Bilbao Museoak antolatu dituen jarduerei.

Horretaz aparte, jaietarako antolatu den programaren barruan bestelako jarduerak ere badaude, esaterako Guggenheim Bilbao gauak, jazz musika zuzenean entzuteko aukera eskaintzen duena, eta egunean zehar familiei zuzenduko zaizkien Bisita‑tailer eta Gaikako bisitak.

Guggenheim Bilbao gauak

Abuztuaren 20tik 24ra Guggenheim Bilbao Museoak ateak zabalduko ditu gaueko hamaiketatik goizeko ordu bietara. Bisitari gautxorienek erakusketak ikusteko abagunea izango dute Atrioan kopatxo bat hartu eta jazz musika zuzenean entzuten duten bitartean.

Iñaki Salvador Trío, Infussion, Jon Urrutia Trío eta Victor de Diego bezalako jazz talde entzutetsuek Guggenheim Bilbao Museoko Atrioa jazz-club bikain batean bihurtuko dute gauero.

Informazioa: 94-4359080

 

Ametsa sugarretan argitua

Abuztuaren 25ean gaueko 12etan Suediako ELD talde ospetsuak argia, musika, ura eta koreografia bertikala biltzen dituen ekitaldia aurkeztuko du Museoko fatxadan Ametsa sugarretan argitua saioarekin.

Efva Lilja artista suediarrak Guggenheim Bilbao Museoaren arkitektura bikainean oinarritutako koreografia bat diseinatu du; dantza bertikala titanioaren gainean, dantzarien jokoak eraikinaren forma eta berau inguratzen duen uran, musika eta abeslarien ahotsa zuzenean eta argiteria dramatikoa biltzen dituen koreografia, hain zuzen. Guzti honekin, Efva Liljak “mistizismoz eta magiaz ornituriko amets bat” sortu nahi du.

Euskadiko zenbait dantzari eta abeslarik Suediako taldearekin bat egingo dute Ametsa sugarretan argitua saioan. BBK eta Bilboko Udalaren laguntzari esker burutuko den ekitaldi hau gaueko 12:00etan hasiko da itsasadarrari begira dagoen fatxadan.

Ikusleek itsasadarraren ondoan dagoen pasarelatik  nahiz La Salve zubiaren azpian dagoen zelaigunetik gozatu ahal izango dute jarduera hau, bai eta aparlekutik ere bertan jarriko den pantaila erraldoiari esker.

Leku mugatuak. Informazioa eta erreserbak: 902312023

Familiarentzako egitarauak

Familiak Aste Nagusiko protagonistak izango dira egunean zehar Guggenheim Bilbao Museoan.

Goizero, guraso eta seme‑alabek Museoan dauden aldi baterako erakusketak bisitatu ahal izango dituzte Bisita‑tailerrei esker. Horien ondoren beren arte obra sortzeko aukera izango dute artista baten eskutik.

Dohainik eskaintzen diren familiarentzako Gaikako bisitak egunero eskainiko dira 17:00etatik 18:00etara. Erakusketetan zehar egindako ibilbidearen ostean, haurrek sormena lantzeko jarduera bati ekingo diote Museoko Atrioan.

Informazio eta erreserbak: 944359090

2001eko abuztuak 10

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.