Prentsa oharra

Artea eta sormena 2010

PRENTSA-OHARRA

Artea eta sormena IV: hautematea, pentsatzea, sentitzea uda ikastaroa Guggenheim Bilbao Museoan

Bernadett Settele ikertzailea eta Elssie Ansareo artista izango dira topaketa honetan parte hartzen duten nazioarteko adituen artean

Artea eta sormena IV: hautematea, pentsatzea, sentitzea du izenburu Guggenheim Bilbao Museoak eta UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateak aurten antolatu duten uda ikastaroak. Museoan ekainaren 23an eta 24an izango diren saioetan, artistek eta nazioartean Artearen Hezkuntzan adituak direnek Edertasunaren eta Plazer Estetikoaren inguruan hausnartuko dute. Hitzaldiak, solasaldiak eta eztabaidak Arte Ederretako eta Artearen Historiako ikasleei, eta arte hezkuntzako profesionalei zuzentzen zaizkie, baita gai horietan eta interesa duen orori ere.

Museoaren Entzungelan izango dira aurten ere UPV/EHUk antolatzen duen Bilbao Arte eta Kultura 2010 uda ikastaroa osatzen duten jarduera hauek. Josu Rekalde, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Dekanoa, eta Marta Arzak, Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta Interpretazioko Zuzendariordea, dira koordinatzaileak.

Ikastaroaren helburua honako hauek dira: Edertasunaren eta Plazer Estetikoaren ideia “ahaztuei” edo “baztertuei” buruz hausnartzea, iraganeko oroitzapen gisa etengabe azaleratzen baitira adierazpen artistiko bakoitzarekin; eta gai horiekin erlazionatutako zenbait praktika artistiko eta sortzaile, eta egungo hezkuntza joerak aztertzea.

Ekainaren 23an, asteazkena, goizez Roser Juanola ikertzaileak Estética y educación: una cartografía social y temporal de nuestros museos (Estetika eta hezkuntza: gure museoen kartografia sozial eta denborazkoa) hitzaldia emango du. Bertan artearen, hezkuntzaren eta demokraziaren inguruko ikuspegi bitxia eskainiko du eta erakundeek eta gizarteak elkarlanean aritzeko modu berriak azalduko ditu. Ondoren, Bernadett Settele ikerketa proiektuen koordinatzailea jardungo da Art Education in Transformation (Artearen inguruko hezkuntza eraldatzen) hitzaldian. Horretan Zuricheko Unibertsitateko Arte Goi Eskolan (arte- hezkuntzan aitzindari eta sektore horretako profesionalentzako erreferentea) garatzen ari den ikerketa proiektuaren emaitzak azalduko ditu. Arratsaldez, berriz, Belleza, Placer y Dolor: Análisis desde tres fragmentos fílmicos (Edertasuna, gozamena eta mina: hiru film zatitan oinarritutako analisia) izenburua duen eztabaida izango da. Bertan parte-hartzaileak ondorengoekin arituko dira solasean: Gabriel Villota artista eta irakaslea, Iñaki Martínez de Albéniz, Soziologian doktorea eta ikertzailea, eta Josu Rekalde, artista eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko dekanoa.

Ekainaren 24an, osteguna, Telmo Rodríguez mahastizainak Artesanía y creatividad (Artisautza eta sormena) hitzaldia emango du. Beranduago, Elssie Ansareok, Bilbon bizi den jatorri mexikarreko artistak, ikuspegi kritikoa eskainiko du egungo arte-jardunean edertasunaren estetika bat aukeratzeari buruz Hermosa y Maldita (Ederra eta madarikatua) hitzaldian. Ondoren, Ixiar García “aktibista futuristak” edertasuna eta sormen paregabea sustatzearen inguruan hausnartuko du Belleza singular y plural. We are Pink Gorillas (Edertasun paregabea eta plurala: We are Pink Gorillas) hitzaldian. Artearen historialari Jorge Luis Marzok emango dio amaiera topaketari Sentimientos patrios/sentimientos estéticos: unos apuntes sobre la ventriloquía española (Aberriaren sentimenduak, sentimendu estetikoak: Espainiako bentrilokiari buruzko zenbait ohar) hitzaldiarekin. Arratsalde horretan bertan, Maider López artistaren eskutik Zero Espazioa, Guggenheim Bilbao Museoan bisitariak orientatzeko gela berria, bisitatzeko aukera izango da artista bera izan baita laguntzaile gelaren sorreran. Azkenik, jardunaldiei amaiera emango zaie ondorioak azalduko dituen solasaldi batean.

 

Deskargatu PDF

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.