Prentsa oharra

Artea eta Jazza: Guggenheim Bilbao Gauak

Aste Nagusia Guggenheim Bilbao Museoan: Artea eta Jazza: Guggenheim Bilbao gauak

Atrioa jazz klub bihurtuko da Bilboko jaietan zehar eta bertan estatuko eta nazioarteko omen handiko artistek joko dute

Aurten ere Aste Nagusia ospatuko dugu Guggenheim Bilbao Museoan: abuztuaren 24tik 27ra Artea eta Jazza: Guggenheim Bilbao gauak egitaraua izango da; hots, 23:00etatik 02:00etara Museoko Atrioa ezohiko jazz klub bihurtu eta estatuko zein nazioarteko izen handiko musika-taldeen emanaldiak izango dira. Horrez gain, bertaratzen direnek Museoaren erakusketez gozatu ahal izango dute. Besteetan moduan, BBK, Bilbao Bizkaia Kutxa, da jarduera honen babeslea.

Abuztuaren 24an (asteartea), Artea eta Jazza: Guggenheim Bilbao gauak hasiko da egitarauaren artista nagusiaren eskutik. Christian Howes dugu, musikarien eta kritikoen arabera, munduko jazz biolin-jotzaile onena. Mundu osoko antzoki eta klub garrantzitsuenetan jo eta hartara, AEBko musikari honek egungo biolin musikan bide berria ireki du. Howes Bilbon izango da eta lankide izango ditu Hamilton Hardin pianoan, Cedric Easton baterian eta Pablo Martín baxu elektrikoan.

Hurrengo egunean, José Alberto Medina Trio taldea izango da. Jazzaren mamia den bat-batekotasuna egungo musikarekin uztartzen du Europako talde honek. Dick Oattsekin batera joko dute. Dick musikan hasi zen aitaren eskutik; izan ere, Jack Oatts omen handiko saxofonista izan zen. Egun, izen handiko artista da, azken 30 urtetan jazzaldi ugaritan jo baitu bakarlari gisa.

Abuztuaren 26an, antzezle, abeslari, musikagile eta pianista Mamen Garcíak bere azken lana aurkeztuko du: El cofrecito. Patxinger Z taldearen bakarlaria den honekin batera joko dute Albert Sanz piano-jotzaileak, Javier Colina kontrabaxuak eta Borja Barrueta bateriak.

Fredrik Carlquist eta Dave Mitchell buru dituen laukotearen eskutik amaituko da Artea eta Jazza: Guggenheim Bilbao gauak egitaraua abuztuaren 27an (ostirala). Talde bikain horretan nazioarteko musikari apartak daude eta euren azken lanari hots emateko biran daude. Suediako saxofonistak eta AEBko gitarristak galdera-erantzun eta sintonia ariketa paregabea eskainiko dute, Garry Fimister kontrabaxuak eta Joe Smith perkusio-jotzaileak jarritako ereduei jarraiki. Ikusleek atsegin har dezaten latinoamerikar erritmoak, lasaiagoak eta baladak izango dira tartean.

Artea eta Jazza: Guggenheim Bilbao gauak saio guztietan, Museora hurbiltzen direnek honako erakusketa hauek ikusi ahala izango dituzte estatuko eta nazioarteko jazzik onena entzuten duten bitartean: aldi baterako erakusketa diren Robert Rauschenberg: Gluts, Anish Kapoor eta Henri Rousseau eta Bilduma Iraunkorraren aurkezpen Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak.

Programa

Abuztuaren 24a, asteartea: CHRISTIAN HOWES 4tet

Christian Howes (biolina)
Hamilton Hardin (pianoa eta teklatua)
Cedric Easton (bateria)
Pablo Martín (baxu elektrikoa)

Abuztuaren 25a, asteazkena: JOSE ALBERTO MEDINA Trío & DICK OATTS

Dick Oatts (saxo altua)
José Alberto Medina (pianoa)
Mariano Steinberg (bateria)
Paco Weth (kontrabaxua)

Abuztuaren 26a, osteguna: MAMEN GARCÍA presenta El Cofrecito

Mamen García (ahotsa eta pianoa)
Albert Sanz (pianoa eta teklatua)
Javier Colina (kontrabaxua)
Borja Barrueta (bateria)

Abuztuaren 27a, ostirala: FREDRIK CARLQUIST & DAVE MITCHELL 4tet

Fredrik Carlquist (saxo tenorea)
Dave Mitchel (gitarra)
Garry Fimister (kontrabaxua)
Roberto Faenzi (bateria)

Sarrerak salgai daude Museoko leihatiletan eta www.guggenheim-bilbao.eus webgunean. 7,50 €Museoaren Lagunak, Kide Korporatiboak eta egun horretako bisitariak; 14,50 publiko orokorra.

Bilbon, 2010eko abuztuaren 5ean

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.