Prentsa oharra

Arte ardura laborategia

ZERUMUGA ERAKUSKETA, ALEXANDRA BAURÈS KOMISARIO DUENA, AURKEZTU DU GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK ARTE ARDURA LABORATEGIA EKIMENAREN BARRUAN HAUTATUTAKO BIGARREN PROIEKTUA DA 

Irailaren 4tik 29ra egongo da ikusgai Zerumuga arte-proiektua Guggenheim Bilbao Museoko 103B aretoan. Alexandra Baurès du komisario erakusketak, eta inguruko honako artista gazteen artelanak —argazkiak eta bideoak— hartzen ditu: Carla Andrade, Bego Antón, Amaia Gracia Azqueta, Antonio Barea, Eriz Moreno, Sandra Montero eta Mikel Uribetxeberria. Halaber, ikusgai izango da Gehrard Richter-en Itsas paisaia (Seestück, 1998).

Erakusketa hau Arte Ardura Laborategia ekimenaren baitan dago. BBKren babesa du ekimen horrek, eta haren bidez laguntza ematen die Museoak Euskal Herriko sortzaile gazteei. 2012an egindako —15. Urteurrena dela eta— Guggenheim Bilbao Hormaren antzeko ekimena da hau, haren jarraipena.

Zerumuga proiektuan, Baurèsek zeruertza aukeratu du oinarri gisa; zeruertza ikusizko marra da harentzat, bai eta gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren ardatz, ekologia gaien inguruko ardura handia den garaian. Era berean, Guggenheim Bilbao Bildumako Gerhard Richter-en Itsas paisaia (Seestück, 1998) lanetik abiatu da artista gazte horien lana aurkezteko; izan ere, artistok mendi-itsasoz inguratutako eskualdean lan egiten dute. Erakusketak tokikotik abiatzen den estetika globala aditzera ematen du. Hona hemen erakusketako artisten eta lanen inguruko bi hitz.

Eriz Morenok Ferrya (Αιγαίο Πέλαγος) grabazioan zerumuga jaso zuen, hartualdi tinko batean; itsaso urdinaren eta ostertz urrunaren irudi bat da, posta-txarteletakoen modukoa. Itsasontzi batetik grabatu zuen eta ontziaren mugimendua nabaritzeaz gain, motorraren hotsa entzuten da, ontziak itsasoan utzitako aztarna. Carla Andradek paisaiaren irudikapen tradizionalari heltzen dio Azken itzulera (Last Return) argazki-sailean. Gizakia bakarrik eta bizkarrez kokatzen du eskualde misteriotsu batean; ia abstraktua da ingurua: errealitatearen eta ametsezkoaren arteko muga lausotzen da, eta horrek guztiak inguruari antzematea zailtzen du. Mikel Uribetxeberriak 8 aldiz buruz behera ez naturalki (8 Unnatural Handstands) sailean Robert Kinmonten 8 argazki berrinterpretatzen ditu, hain zuzen, antzeko izena —8 aldiz buruz behera naturalki (8 Natural Handstands)— daramaten zortziak (horietan Kinmont buruz behera agertzen da basoan, mortuan zein mendian). Bego Antónek Goikoak (Los de Arriba) lanean OHEak ikusitako, estralurtarrek bahitutako zein haiekin harremanetan jarritako pertsonengan arreta ipintzen du; haientzat zerumuga beste planeta bateko izaki bizidun horiek dauden lekua da. Amaia Gracia Azquetaren bi lanek Aspe mendia (Pico de Aspe) izena dute. Aragoiko Pirinioetako erliebea adierazteko modu ezberdinak jaso ditu horietan; mendia eta goraguneen edertasuna bereganatu ditu, eta horrela berrikusi egin du Frantziako eta Espainiako estatuek aurkeztutako kartografia ofiziala. Antonio Bareak Aireportua (Airport) lan txiki-txikian eskalarekin jokatzen du, lurreratzeko orduan hegazkin batetik ikusten dena adierazteko. Sandra Monterok Lerro zuria (White Line) bideoan joko interaktibo bat proposatzen du; bideoa zoruan ipintzen duenez, jolas bihurtzen du: ikusleak bideoko lerro zuriari jarrai diezaioke, hala nahi izatekotan, eta asko dira bide posibleak, beraz, erabaki egin behar du nondik jo.

Zerumuga Guggenheim Bilbao Museoaren Arte Ardura Laborategia ekimenaren bigarren proiektua da. Maiatzean izan zen lehenengoa, Izena gero, Iskandar Rementeria komisario izan zuena. Ekimenaren hirugarren eta azken proiektua urrian izango da (2013ko urriaren 8tik azaroaren 3ra). Inés Bermejo getxotarra izango da komisarioa; Geratu dadila mundua, ni jaitsi egingo naiz-eta: ezeztatu garai bat, hasi beste bat titulua eman dio.

Bilbon, 2013ko irailaren 3an

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.