Prentsa oharra

Art After Dark urtarrilaren 15ean

PRENTSA-OHARRA

David Delfínek eta Bimba Bosék 2010eko Art After Dark egitarauari hasiera emango
diote Guggenheim Bilbao Museoan

Datorren ostiralean, urtarrilaren 15ean, 2010eko lehen Art After Dark saioa izango da Guggenheim Bilbao Museoan. Bertan, David Delfín, diseinatzailea eta diziplina ugari lantzen dituen artista, eta Bimba Bosé, modeloa eta abeslaria —eta Delfínen musa eta bazkidea—, izango dira. Biak Guggenheim Bilbao Museora itzuliko dira, 2008an Surrealismoaren gauzak erakusketa zela eta egin zuten desfilea eta gero. Oraingo honetan, Hollywoodeko komedia baten izena duen musika divertimentoa eskainiko digute. Gauerdi aldera, David Delfínek, Michelle DJ gisa, wedding estiloa jarriko du eta The Cabriolets taldeko abeslaria, Bimba Bosé, Romy DJ izango da prom dance  estiloa eskaintzeko.

Art After Darken lehenengo saio hau 22:00etan hasiko da Arne Ö-k jarriko duen musika elektronikoarekin. Bilbon bizi den estoniar hau Fever klubeko DJ egoiliarra da bertako ateak ireki zirenetik. Bere musika elektronikoko emanaldi hipnotikoak funk-az, soinu sakonez eta kutsu esperimentalez betetzen ditu groove-a oinarri hartuz.

23:00etan Tom Clark DJa igoko da Museoko Atrioan egongo den kabinara. Clark ezinbestean aipatu behar da Berlingo musika munduari buruz hitz egitean. Alemaniako DJ honek nahasketen alde egiten du, eta hala, house eta techno estiloen tartean koka daitekeen soinu berri bat lortzen du. Musika horrek publikoa ametsetako eta poz handiko aldartera eramaten du, artistak dantzalekuko mugimenduen inguruan duen berezko ezagutzari esker.

Art After Dark urte osoan izango dugu Museoan. Gaueko egitarau berezi hau Guggenheim Bilbao Museoak antolatu du Bilboko Fever klubarekin lankidetzan eta aurreko urteetako arrakasta berdintsua izatea du helburu. Bertaratzen direnek estatuko nahiz nazioarteko DJ onenen musika entzuten duten bitartean erakusketak ikusteko aukera izango dute. Oraingo honetan Frank Lloyd Wright aldi baterako erakusketaz eta Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak eta Instalazioak II: Bideoa Guggenheim Bildumetan Bilduma Iraunkorraren aurkezpenez gozatu ahal izango dute.

Museoa irekita egongo da 22:00etatik 01:00etara.

Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat): 12€ Publiko orokorra eta 8€ Museoaren Lagunak. Ikusle kopuru mugatua.

Dagoeneko salgai leihatiletan eta Museoaren webgunean: www.guggenheim-bibao.es. (Nahitaezkoa izango da Museotik igarotzea sarrera gau horretan Fever klubera sartzeko beste bategatik trukatzeko). 

 

Bilbon, 2010eko urtarrilaren 8an.

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.