Idazle entzutetsuek aukeratu dituzte Afrika kontu-kontari kontakizun lehiaketa irabazi duten idazlanak
Lehiaketa Guggenheim Bilbao Museoak eta Madrilgo Escuela de Escritores delakoak antolatu dute eta 111 kontakizun jaso dira parte hartzeko Guztira 111 idazlanek hartu dute parte Afrika kontu-kontari lehiaketan deitutako bi kategorietan euskara eta gaztelania. Lehiaketa Guggenheim Bilbao Museoak eta Madrilgo Escuela de Escritores delakoak antolatu dute %100 Afrika erakusketa dela-eta arte-diziplinak elkar lotzeko xedearekin, artearen mundua literaturatik aztertzea bultzatuz.
Jatorrizko testuak aurkezteko epea 2006ko azaroaren 1etik abenduaren 17ra luzatu zen. André Magnin-ek, %100 Afrika erakusketarako komisario lanak egin dituena eta lehiaketako epaimahaiko kidea izan dena, erakusketatik bost artelan aukeratu zituen eta horietako bat hartu behar zuten inspirazio-iturritzat parte hartzaileek: Malick Sidibé-ren Gabon gaua (Nuit de Noël) argazkia; Chéri Samba-ren pintura Kolorea gustatzen zait (Jaime la couleur); Fréderic Bruly Bouabre-ren Munduaren ezagutza (Connaissance du monde) marrazkien aukeraketa; eta bi instalazio, Romuald Hazoumé-ren Zamaontzia (Cargo) eta Bodys Isek Kingelez-en Kimbembele Ihunga.
Bi kategorietako irabazleek Valentziako Miquel Navarro artistak sortutako Ertzak (Esquinas, 2003) zenbakitutako eskultura edizioko ale bat jasoko dute saritzat. Lehiaketako epaimahaia, besteak beste, Eugenia Rico, Marta Rivera de la Cruz, Juan Bas eta Fernando Marías idazle ospetsuek osatu dute. Hauek aukeratutako bi kontakizun irabazleak nahiz finalistak Escuela de Escritores-en webgunean esekita egongo dira (www.escueladeescritores.com), idazle talentudun berrien lanak erakusteko euskarria baita.
Euskaraz idatzitako kontakizunen artean finalista bakarra eta irabazlea David Tijero Osorio bilbotarraren Ortzadar bihur nadin ipuina izan da, Chéri Sambaren Kolorea gustatzen zait pintura inspirazio-iturritzat hartuta.
Gaztelaniako kontakizunetan berriz Matías Candiera de Andrés madrildarraren Fotografías idazlanak irabazi du eta epaimahaiko kideek beste hiru kontakizun aukeratu dituzte finalista gisa: Fernando Mugraza bilbotarraren Nochebuena, 1963; José Luis Pereira madrildarraren Africaria; eta Albaceteko Nieves Jurado Martínez-en Leshina y el pájaro de agua, hurrenkera honetan.
Aipatutakoez gain, lehiaketako epaimahaian ondoko hauek ere izan dira: Javier Sagarna, Escuela de Escritores delakoaren zuzendaria; André Magnin, % 100 Afrika erakusketaren komisarioa; Juan Ignacio Vidarte, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia; nahiz Museoko Argitalpen Arloko arduradunak eta Madrilgo Escuela de Escritores eskolako irakasleak.
Kontakizun lehiaketa honen helburua izan da artea bere literaltasun horretatik bestela behatzera bultzatzea eta esanahi berriak eta sormen artistikorako oldarra aurkitzea. Azken finean Guggenheim Bilbao Museoak datorren otsailaren 18an amaitzen den % 100 Afrika erakusketako artelanetaz baliatu nahi izan du artearen bidez idazketa bultzatzeko.
Bilbo, 2007ko urtarrilaren 31a