Prentsa oharra

Abian da Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoen Basque Artist Program ekimenaren edizio berria

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek abian jarri dute EAEko artistek New Yorken egonaldia egiteko programaren zortzigarren deialdia. Egonaldia urrian gauzatuko da, eta hautagaitzak Museoaren webgunearen bitartez aurkeztu ahalko dira gaurtik hasi eta datorren ekainaren 12ra bitartean. Hurrengo fasean, aurkeztutako hautagaitza eta material guztiak aztertuko dituzte museo bietako arte-ardura taldeek.

Basque Artist Program ekimenaren edizio berri honetan bi izango dira New Yorken lau astez aritzeko aukera izango duten EAEko artista hasiberriak. Han gertutik ezagutu ahal izango dute hiriko arte-giroa, eta beren gaitasunak indartzeko eta helburuak finkatzeko aukera ere izango dute. Partaideek New Yorkeko arte-munduan murgilduta dauden artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren berri ikasiko dute Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aste horietako mantenu-gastuei aurre egin ahal izateko, hautatutako artista bakoitzak 3.000 dolarretako diru-laguntza jasoko du.

Gaurdaino 18 izan dira Basque Artist Program ekimenean parte hartu duten artista gazteak: Karla Tobar eta Alain Urrutia (2015); Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco (2016); Gala Knörr eta Maite Pinto (2017); Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi (2018); Raquel Asensi eta Jon Gorospe (2019); Alejandra Bueno, Mikel Escobales, Amaia Molinet, Beñat Krolem eta Fabro Tranchida (2022); Verónica Domingo, Jorge Isla eta Claudia Lorenzo (2023).

Artista hasiberrientzako egonaldi-programa hau, baita Museoak urtero EAEko ikasleentzat abian jartzen duen beka-programa ere, Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-ekin 2014ko abenduan sinatutako Kudeaketa Akordioaren berritzearen parte dira; berritze horrek bi erakundeen arteko lankidetza sakontzen du hainbat proiekturen bidez.

Interesdunek oinarriak ikusteko eta ekainaren 12ra bitarte izena emateko aukera dute hemen.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.