Prentsa oharra

2009-2010 ikasturterako hezkuntza egitarauak

Guggenheim Bilbao Museoak 2009–2010 ikasturterako hezkuntza- egitarauak aurkeztu ditu

Irailaren 15ean, asteartean, Guggenheim Bilbao Museoak Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleei 2009––2010 ikasturterako hezkuntza egitarauak aurkeztu dizkie. Egitarau horiek BBKren babesa dute eta Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Hezkuntza Bereziko
ikasleei eta irakasleei zuzentzen zaizkie.

Ikasturtean zehar ikasleek hainbat orientazio-saio izango dituzte, horien bidez erakusketetan zehar ibilbideak antolatu eta ikasleentzako artearen inguruko galderak eta erakusketen gaineko jarduerak presta ditzaten. Orientazio-saioak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, 16:00etatik 19:00etara eta ikasturte osoan zehar eta guztietan aldez aurretik erreserba egin behar da. Museoan diren eta izango diren erakusketek bina orientazio- saio izango dute: Pribatutik publikora: Guggenheim Bildumak (urriaren 20an eta 22an), Frank Lloyd Wright (azaroaren 3an eta 5ean), Anish Kapoor ( apirilaren 20an eta 22an) eta Robert Rauschenberg: Joritasuna (maiatzaren 4an eta 6an). Saio horien osagarri gisa eta irakasleek erakusketok sakonki ezagut ditzaten, hilabete horietan doako sarrera izango dute irakasleek 16:00etatik 19:00etara.

Irakasleek material didaktikoak eskuragarri izango dituzte euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez, ikasketa-maila guztietara egokitu direnak. Horiek, gainera, www.guggenheim-bilbao.eus webgunetik (“irakasleak” atala) jaitsi daitezke. Horrez gain Irakaleen Wikia tresna berritzailea aurten ere badabil, horren bidez irakasleek artearen eta arte-hezkuntzaren inguruko esperientziak, ezagutzak eta baliabideak parteka ditzaten.

2009–2010 ikasturtean zehar ere Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako bisita-tailerrak, arrakasta handia dutenak, eskainiko dira, baita maila horiei zuzentzen zaizkien plastika-jarduera bat duten bisitaldiak ere; Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako bisitaldi gidatuak izango dira eta Hezkuntza Bereziko taldeei eurei egokitzen zaizkien gidaridun bisitaldiak eta bisita-tailerrak emango zaizkie. Horrez gain, nork bere kabuz bisitaldia egiteko laguntza material didaktikoak eskuragarri izango dira eta eskolentzako bisitaldiak ingelesez eta frantsesez eskainiko dira. Amaitzeko, Arte Batxilergoko ikasleek euren kabuz bisitaldia egin eta ondoren artista batek emandako lantegian esku hartzeko aukera izango dute.

Aurreko ekitaldian zehar eta zazpigarren urtez, Museoaren hezkuntza-egitarauetan esku hartzen dutenen kopuruak gora egin zuen: 472.809 pertsona, 2007an baino %4,19 gehiago. Bereziki aipatzekoa da 2008an esku hartu zuten ikasleen kopurua (aurreko ekitaldian baino %13,83 gehiago); horietatik %47,3 EAEtik kanpokoak ziren, nabarmentzekoak ikasle frantsesak, guztien %20,14 izan baitziren.

Bilbon, 2009ko irailaren 15ean

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.