Prentsa oharra

Eskuraketak: Gerhard Richter eta Joseph Beuys

 GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK ESKURATU BERRIAK DITU BERE BILDUMA IRAUNKORRERAKO BI ARTELAN 

Gerhard Richterren 1998ko Itsas-paisajea (Seestück) eta Joseph Beuysen 1958–85 urte bitarteko Tximista oreina argituz (Blitzschlag mit Lichtschein auf Hirsch) Guggenheim Bilbao Museoak bere Bildumarako eskuratu berriak dituen bi artelan ditugu. Artelan horiek lehen aldiz ikusi ahal izango ditugu Museoak otsailean zehar inauguratuko dituen Bilduma Iraunkorreko aurkezpen berrien testuinguruan.

Bi obra berri hauek gehituz, Guggenheim Bilbao Museoak XX. mendearen bigarren erdiko funtsezko artisten 60 pieza ditu bilduta dagoeneko, esate baterako Robert Rauschenberg, Andy Warhol, Eduardo Chillida, Richard Serra, Mark Rothko, Yves Klein edo Antoni Tàpiesenak, Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman ordezkatuta dauden sortzaile handi horietako batzuk aipatzearren.

 

Joseph Beuys (1921–1986) 

Tximista oreina argituz (Blitzschlag mit Lichtschein auf Hirsch), 1958–85

Aluminio, brontzea eta burdina

Hogeita hemeretzi osagai

Neurri aldakorrak

 

Joseph Beuys baliteke Bigarren Mundu Gerraren ondoren Alemanian sortutako artista garrantzitsuena izatea. Beuys artista, maisu, ekintzaile eta ameslari izan zen eta izugarrizko eragina izan zuen bere garaikide gazteagoengan. Izan ere, hura bezala, Alemaniaren gerraren ondorengo historia traumatikoari aurre egiten ahalegindu ziren. Beuys Alemanian sumatzen zen etsipena eta aurre egiten ari ziren zailtasunak aztertzen aritu zen, berrikuntza espirituala bultzatzen saiatzeaz gain.

Beuysek modu berezi batean elkarlotzen ditu bere autobiografia eta bere obra. 1943an, Crimea gainean Luftwaffe-ko hegazkin batean zihoala, lurreratu egin zuten hegazkina eta tartariar nomada batzuei esker salbatu zuen bizitza. Gertakari hura funtsezkoa izan da bere bizitzan, baita artea sortzeko garaian ere. Bere zauriak sendatzeko eta hotzetik babesteko tartariarrek koipeak eta feltroa erabiltzen zuten modua deskribatzea izan da bere obraren muina. Beuysek eredu eta material tradizionalak alboratu zituen, besteren artean instalazioen eremu eszenikoa lantzeko.

Tximista oreina argituz 1985ean amaitu zuen, hil baino hilabete batzuk lehenago, alegia. Obra hau bere instalazio hunkigarri eta ikusgarrienetako bat da, baita bere ibilbide sortzailean nagusi izan diren gaien laburpen handi antzeko bat ere. Obra honetan, Beuysek suntsipen apokaliptikoaren eta berpizkundearen gaia berritzen du, tradizio historiko-artistiko germaniarren ezaugarri, eta Genesiaren Liburuaren inguruko bere bertsioa aurkezten digu, naturari dagozkion oinarrizko irudietan inspiratua.

Tximista oreina argituz aurreko pieza batetik sortua da. Pieza hura 1982ko Lantegia dugu, muino baten itxura zuen lokatz-piloa, Martin-Gropius-Bau erakustaretoan izan zen Zeitgeis erakusketarako sortua. Erakusketa hura amaitu zenean, buztinezko mendi erraldoi haren parte bat igeltsuz eta ondoren brontzez moldatu zuten tximistaren eskultura bihurtzeko. Alderantziz jarritako mendia, sabaitik esekia, tximistargi metaforiko bat da, sorkuntzaren atzetik dagoen ezkutuko energia irudikatuz ariko balitz bezala. Bere formak lurraren eta energiaren arteko lotura iradokitzen digu, tximisten kasuan ohikoa denez zerutik sortua baino gehiago lurretik sortua ematen baitu. Obra honek energia edozein norabidetan transmititu daitekeela aditzera ematen digu.

Oreina, Beuysek 1958an sortua, aluminioan galdatutako pieza bat da. Bere jatorrizko egitura egur zakarrezko bi oholez osatuta dago. Oholak lisatzeko taula baten euskarria dira eta zurezko lau oinarriren edo "hanken" gainean daude jarrita. Beuysek 1967an sortutako Boothia Felix obrak bi elementu barne hartzen ditu: idulkia, eskulturak lantzeko oinarri zahar bat alegia, eta brontzezko eskultura abstraktua, zurezko loreontzi baten edukiarekin sortutako lur pila karratutik ateratako moldea erabiliz galdatutakoa. Beuysentzat, landarearen sustraiak zeuzkan lurrezko karratua kosmos independente txiki bat zen. Ahuntzak, ardatz finko bat eta hiru gurpil dituen eskorga baxuak, behekoz gora jartzen du aurkitutako objektu gisa Picassok sortu zuen ahuntzaren aurrekari famatua. Picassoren ahuntzak ez bezala, Beuysenak ez du lotura formalik animaliarekin, eta instalazio honetan naturaren elementu organiko bat baino gehiago gizakiaren eta teknologiaren sinboloa da. Objektu horiekin batera hogeita hamabost animalia amorfo agertzen dira espezieen eboluzioa irudikatuz eta unibertsoaren hasieraren eta amaieraren ikuspegi berria eskainiz.

Instalazio hau Beuysen obraren azkeneko laburpen gisa har genezake alderdi askotan, osagai horietako batzuk 1958koak direla kontuan izanik.

 

Gerhard Richter (1932)

Itsas-paisajea (Seestück), 1998

Olio-pintura mihise gainean

290 x 290 cm

 

Bere bizitza osoan zehar, Gerhard Richterrek proiektu bat landu nahi izan du, heterogeneotasun estetikoa aztertzen duena eta artearen kategoria konbentzionalak zalantzan jartzen dituena. Estilo eta teknika anitzak erabiliz —abstraktuak eta errealistak, objektiboak eta subjektiboak, tradizionalak eta abangoardiakoak—, Richterrek kontrakoak diren pintura-estrategiatzat jo ohi diren horiek batera biltzen ditu pertzepzio-eredu desberdinak aztertzearren.

Artista honek ondo daki moldatzen normalean kontrako gisa hartu ohi diren bi interesen artean. “Klasizistatzat” har daiteke, pinturarako duen gaitasunagatik eta genero tradizionalak erabiltzeagatik; aldi berean, ordea, askotan baliatzen da argazkigintzaz, pinturaren indarra ahultzeko baino gehiago pinturaren eta argazkiaren arteko lotura bereziak azaltzeko. Ironiarik gabe bada ere, pertzepzioaren, errepresentazioaren, esanahiaren eta oroimenaren gai garaikideak lantzen ditu. Bere pintura figuratiboetan eta paisaia errealistetan, Richterrek argazkia erabiltzen du, grabazio mekanikoko oroimena alegia, subjektibotasunez irudikatutako une jakin bat sortzeko. Bere mihise abstraktuetan, pintura argazki-emultsio baten itxura izateko helburuz lantzen du, irudia polaroid-argazki lohitu bat balitz bezala agertuz. Richterren lanetan beti agertu ohi dira subjektua lekuz aldatzen duten eta errealitatetik aldentzen duten distortsioak, hain zuzen ere irudia —pintatua edo argazkian aterea— irudi besterik ez dela azpimarratzeko.

Richterrek 1968–69an margotu zuen lehenengo itsas-paisajeen sorta. Eta 1975ean berreskuratu zuen gaia ondoren berriro ere lantzeko. Bere obra batzuetan Richterrek pintura modu eskematiko edo inpresionista batean landu arren, bere itsas-paisajeak beti margotu izan ditu trazu finez, eta kolore naturalak eta egindura leunak erabiliz. 1998ko Itsas-paisajean (Seestück), Richterrek leuntasun handiz aplikatu du olio-pintura, sortzen duen efektu lausoak eraginda azpimarratuta ikusten dugularik. Emaitzazko irudia mugitutako argazki baten antzekoa da. Hala eta guztiz ere, obraren eskala handiak itsasoaren hedadura nabarmentzeaz gain naturaren handitasunaren aurrean gizakiaren txikitasuna islatzen du.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.