Bilduma Propioak Jorge Oteizaren lau eskultura eskuratu ditu
2005. urtean zehar, Sociedad Tenedorak lau artelan erosi ditu, guztira 792.325 euroko inbertsioa eginez. Bilduma Propioak Jorge Oteizaren lau eskultura eskuratu ditu, bere bi serierik esanguratsuenetakoak ,hain zuzen: Esferaren desokupazioa eta Kutxa hutsak . Altzairuzko lau pieza dira, 1957 eta 1958 urteetanegindakoak.
Jorge Oteizaren obraren ordezkapen garantzitsua izatea, Sociedad Tenedoraren lehentasunetako batizan da bere Bilduma Propioa osatzean. Horien artean serie anitzetako adibideak edo familia esperimentaletakoak eskuratu nahi izan ditu, batez ere adierazgarri edo esanguratsuenak. Guggenheim Bilbao Museoan Oteiza: mitoa eta modernotasuna atzera begirakoa aurkeztu zenetik,honako sail hauei eman zaie lehentasuna:
Asmo esperimentala, 1955-57
- Argi-moduluak
- Poliedroen irekidura eta maklak. Harrian egindako obrak
- Esferaren desokupazioa
- Eraikuntza hutsak
Azkena ematen duten obrak, 1958-59
- Kutxa hutsak eta kutsa metafisikoak
- Diedroak eta triedroak
Izan ere, artista honen lanaren gune esperimentala dira obra hauek, eta eskultura modernoaren testuinguruan eragin eta garrantzirik handiena izan dutenak.
Hillargia (1957), Par móvil (1956) eskulturatik abiatuz egindako lehenengo estudioetarikoa da, Esferaren desokupazioa seriearen hasieran, hain zuzen. Obra hau mugimenduaren estudio batez baliatzen da egituraren ikuspuntutik, era berean, modu irudikorrean, ilargiaren faseei erreferentzia egiteko.
Esferaren desokupazioa seriearen parte da, halaber, Bost Malevich ale makur dituen eraikuntza hutsa (1957), eta Oteizaren Malevichi omenaldia pieza garrantzitsuaren antza du. Pieza hauetan erabiltzen dituen unitateak dinamikoak dira, ez euren inguruarengatik bakarrik, baita forjak eurengan eragindako kurbadurarengatik ere. Honela, eskultura espazioaren kausa eta efektu bihurtzen da: espazioa bere sakonuneetan geratzen da, eta era berean badirudi espazioa bera, formen gainean presioa egindakoan,hauen azken eragilea dela.
Aipaturikoen serie berekoa da Esferaren desokupazioaren entsegua (1958), eta beste bi obratatik eratorrita dago: Elementu makur eta arinen bi pareren konjuntzio dinamikoa (1957), eta Esferaren desokupazioaren aurreko aldia , 1957. Beraz, serie honen emaitza esperimentala da. Pieza hau oso interes handikoa da, ez baita kopiarik ezagutzen; pentsa daiteke obra bakarra dela.
Azkenik, Irekidura handia duen kutxa hutsa dugu, 1958koa. Oteizaren azken serie zabalekoa da, eta Kutxaren adibide fina irudikatzen du; bertan, espazioa eta formak beste pieza batzuetan baino askoz dinamikoagoak dira. Karakterizatzen dituen kuboak oso modu ezegonkorrean hartzen du forma, momentu batetik bestera formak egoera moldegabe eta zehaztugabe batera itzuliko balira bezala.