Prentsa oharra

Eskuraketa: Jeff Koonsen Idi-bihotzak

JEFF KOONSEN IDI-BIHOTZAK (TULIPS) OBRAK KOLOREZ BLAITU DU GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAREN KANPOALDEKO TERRAZA.

Altzairu polikromatuzko eskultura, bost metrotik gorako luzera duena, Museoak bere fondo propioa osatzeko eta kokapen jakinetarako eskuratu dituen gainerako obrekin batera ikusi ahal izango dugu.

Jeff Koonsen (York, Pensilvania, AEB, 1955) Idi-bihotzak obra (Tulips,1995-2004) 2006an eskuratu zuen Guggenheim Bilbao Museoak bere fondoetarako. Hala, maiatzaren 11 ostiraletik aurrera ikusi ahal izango dugu beste obra hauek inguruan dituela: Yves Kleinen Suzko iturria (Fire Fountain, 1960–61), Fujiko Nakayaren Laino-eskultura # 08025 (F.O.G.) [Fog Sculpture # 08025 (F.O.G.), 1998] eta Louise Bourgeoisen Ama (Maman, 1999), eta iraunkorki kokatuko da, Museoaren atzealdeko fatxadan, terraza amaitzen den aldeetako batean.

Puppy (1992) ezagunaren egilearen eskultura handi hau kromo asko duen altzairu herdoilgaitzez eginda dago, eta kolore-estaldura zeharrargia du. Zazpi idi-bihotzek osatutako lore-sorta baten irudia da, bost metrotik gorako luzerakoa (203 x 460 x 520 cm), eta koloretako puztuki argikor handi batzuk bailiran sortu ditu. Idi-bihotzek  pisugabezia aditzera ematen digute, eginda dauden material astunari kontrajarriz, eta horrek azpimarratzen du, hain zuzen, obraren ironia. Duen itxura artifizialak oso ondo adierazten du Jeff Koonsek Ospakizuna (Celebration) sortan landutako gaia eta, izan ere, sail horretakoa da obra hau.

Formari dagokionez, eskultura hau orain arte sortu izan dituen konplexuenetakoa da. Lore-formak horizontalean daude zoruan ipinita, zurtoin luzeak elkarlotuta dituztelarik. Obra honen hiztegi formalak elkartu egiten ditu eskultura minimalistaren zehaztasun handia eta Pop Arteak ezaugarri duen egunerokotasunaren edukia.

Baina, edozein asoziazio historiko-artistiko alde batera utzita, eskultura honek antza handia du (tamainan eta forman) Amerikako desfileetan ikusi ohi diren pertsonaia erraldoi puzgarri horiekin. Irudi horiek oinarri hartuta hainbat artelan sortu izan ditue Koonsek.

Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma Propioari gehitu zaion obra hau laugarren alea da guztira bost piezak osatzen duten sailetik, eta 2007ko martxoan amaitu du artistak. Munduko beste leku batzuetan daude kokatuta beste lau Idi-bihotzak: bat, Hannover hiriko Norddeutsche Landesbank-en bulego nagusietan aurki daiteke; beste bi Milango Prada Fundazioaren eta Santa Monicako Broad Fundazioaren bildumetako parte dira; eta azkena artistarena da.

 

Ospakizuna lan-sorta

Hamar urteko lanaren ondoren, Jeff Koonsen Ospakizuna (Celebration) saila artista amerikar honek bere ibilbidean egin duen lan-sorta handiena da. Sail hau xehetasun handiko foto-errealismoko pinturek eta jai giroan inspiratutako irudien eskulturek osatzen dute, eta erabateko aldaketa adierazten du aurreko seriearen aldean: Paradisuan egina (Made in Heaven, 1989-1991). Ospakizuna osatzen duten eskultura-puztuki erraldoiak haurren urtebetetzeko festa batetik atereak ematen duten jostailuen eta objektuen irudiak dira: puztukiekin egindako txakurrak edo ilargiak, kapelak, plastilina, kitsch itxurako zirtzileria edo lore artifizialak.

Duten tamaina erreala baino hamar aldiz handiagoa den eskalan eginak, festa giroko objektu hauek irudimenezko herrialde miragarri batetik atereak direla ematen dute, Puppy sortu izan zen oihartzun herrikoiari jarraiki.

Koonsek berak dioenez, obra hauek “haurtzaroarekin, kolorearekin eta sinpletasunarekin zerikusia duten gauza dibertigarriak dira” eta artista honek hutsala den zerbait objektu erakargarri bihurtzeko duen ahalmena aditzera ematen digute, kontsumo kulturaren barruan arteak betetzen duen zeregina zalantzan jarriz, aurretik beste obra ezagun batzuek egin izan duten bezala: Untxia (Rabbit, 1986), Puxika-txakurra (Balloon Dog, 1995) —biak ikusi ahal izan genituen 2003an Guggenheim Bilbao Museoaren Jasper Johnsetik Jeff Koonsera: Broad bildumen artearen lau hamarkada erakusketan— edo Puxika-lorea (Balloon flower, 1997).

Duen izugarrizko eskalagatik eta gainazalen xehetasun eta akabera aratzagatik, kontuan izanik hori lortzeko artistak urteak eman dituela ikerlanean, Idi-bihotzak eskultura sorta osatzen duten guztietatik konplexuena da beharbada, egina dagoen moduagatik eta erabili duen teknikagatik. Lore bakoitzak akabera distiratsua du, eta zazpi zurtoinak elkartzen diren gunean koloretako argia islatzen du; efektu optiko horrek, urtebetetzetako festen edo Estatu Batuetako Pazko saskien kolore distiratsuak ez ezik, OpArteko esperimentuak eta Artea eta Argia mugimendukoak gogorarazten dizkigu.

Begien bistakoa da Koonsek oraindik ere jakin-mina erakusten jarraitzen duela herri-kulturaren eta kitsch gaien aurrean, baina horrez gain, Idi-bihotzak obran agerian uzten du perfekzio eskultorikoaz eta natura hilen konposizioaz arduratzen dela. Artistaren aurreko lanetan bezala, ironia eta zintzotasuna ikuspegi kritiko batez agertzen dira elkar hartuta. Objektu hauek gogora ekartzen diguten festa edo ospakizun giroa duten akabera industrial aratz eta ikusgarriak indagabetzen du.

Objektu erraldoi hauek funtsezkoak ez direla nabarmendu nahi duen eskalan eginak daude, objektu hutsalak bailiran alegia, baina, hala eta guztiz ere, gura ditugun objektuak dira, gogora ekartzen ohi dizkiguten erritualen garrantzia ezkutatzen dutelako. Aldi berean, Koonsen obrak, objektu hauek ahalmen handia dutelako uste osoagatik bereizten dira, ekintza erritualetan atsegin hartzen duen psike kolektibo kulturala transmititzeko ahalmenagatik, alegia.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.