Prentsa oharra

Eskuraketa: Daniel Burenen Arku gorriak

2007ko urriaren 19an Guggenheim Bilbao Museoak hamar urte betetzen ditu inauguratu zenetik, 1997ko urrian. Hori ospatzeko Daniel Burenen Arku gorriak aurkezten dugu, La Salveko zubian egindako esku-hartze artistikoa, Bilboko ondare artistikoa aberastuko duena eta Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma zabalduko duena, Museoaren ingurua osatzen duten gune berezienetariko baterako propio sortutako artelana izanik.

Guggenheim Bilbao Museoa triangelu forma duen orube batean dago eraikia eta erpinetako bat La Salveko zubiak gurutzatzen du, hiriko sarbide nagusietako bat. Frank Gehryk Museoaren diseinua egiterakoan hasieratik besarkatu nahi izan zuen zubia azpitik zeharkatzen duen bolumen baten bidez, harrizko dorre batekin amaitzen dena.


PROIEKTUA AUKERATZEA

La Salveko zubian betirako finkatuko den artelan hau burutzeko akordio batera iritsi da Museoa azpiegitura honen jabetza duen Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta lehiaketa bat egin zen 2006ko ekainan sorkuntza artistikoaren alorrean nazioartean izen handia duten hainbat artisten artean. Daniel Buren, Liam Gillick eta Jenny Holzerrek erronka jaso zuten eta proposamen bana aurkeztu zuten. Hiru sortzaileak oso ezagunak dira eskala monumentaleko obrak egiten izan duten esperientzia zabalagatik, baita hizkuntza eta material bereziak erabiltzeagatik ere.

Azken erabakia 2006ko abenduaren 16an jakinarazi zuen Hautespen Batzordeak. Batzordeko kideak Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak; Londresko Royal Academy of Arts-eko Erakusketen Idazkaria, Norman Rosenthal; Solomon R. Guggenheim Foundation-eko Zuzendaria, Thomas Krens; eta Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Nagusia, Juan Ignacio Vidarte, izan ziren.

Hala ere Batzordeko kideak ez ziren La Salveko esku–hartze artistikoa aukeratzerakoan iritzia eman zuten bakarrak. Guggenheim Bilbao Museoak pentsatu zuen proiektua hain handia zenez, jendeak egunero ikusiko zuenez eta hiriaren itxura aldatuko zuenez bisitariek ere zeresana zutela eta horregatik nahiago zuten proposamenaren alde botua emateko aukera eman zitzaien.

Horretarako hiru proiektuen maketak Museoan ikusgai egon ziren 2006ko urritik azarora, artistek ekarritako material osagarriekin batera. Honela bisitariek proiektu bakoitzaren azalpena eta sortzaileetako bakoitzaren ibilbide artistikoa ezagutzeko aukera izan zuten.

Bisitarien gehiengoak sistema honen bidez hartutako erabakiak boto baten balioa izan zuen Hautespen Batzordean. Azkenean Daniel Buren frantsesaren proiektua aukeratu zuten “ikusteko liluragarria, erraza eta akatsgabea” den artelana gisa definitu zutelako eta zubiaren arkuak Museoaren forma lerromakur eta dotoreekin sortzen duen kontraste handia gutxitzen saiatzen delako.


DANIEL BURENEN ARKU GORRIAK

Arku gorriak da Daniel Burenen proiektuaren izenburu ofiziala. Proiektuaren oinarrian den ustea honakoa da: altzairuzko arkua da Frank Gehryk Museoaren eta zubiaren artean sortutako harmonia perfektua desitxuratzen duen elementu bakarra, izan ere artistaren hitzetan arkua “bisualki ez baitago Museoaren dotoretasunarekin lotua”.

Horregatik, bere esku-hartze artistikoak zubiaren egitura eraldatzean jartzen du arreta. Kolorezko “azala” jarri nahi dio, eskultura bailitzan; bere forma eta konfigurazioa alda dadin, baina jatorrizko funtzioa galarazi gabe. Artistaren hitzetan “aldaketa honekin elkarrizketa bat sortzen da zubiaren funtzionaltasunaren eta berau besarkatzen duen eskulturaren estetikaren artean”.

Burenek eskulturarako aukeratu duen kolorea gorri bizia da, kontraste handia sortzen duena zubiak duen kolore berdearekin, baina era berean, lotura kromatikoa mantentzen duena Gehryren eraikuntzako titanioarekin. Aldeetako ertzetan txandakatu egiten dira marra zuri eta beltzak, kolore gorriari kontrajarriz.

Burenen proiektuak ingeniariek eta mota honetako egituretan adituek gainbegiratu dute egin aurretik. Diseinuan artista frantsesak zubiaren mugimendua eta haizearen indarra hartu zituen kontuan, horretarako kalkulu zehatzak eginez. Instalazioak oso ezaugarri deigarria du: gainjarritako egitura ez dago zubira ainguratuta, puntu zehatz batzuen gainean pausatzen da, ez da finkagailurik ezarri eta ez da zulorik egin. Izan ere proiektuak onartzeko baldintzetako bat zubiaren egitura ez aldatzea izan zen.

Materialei dagokionez, hasieran Burenek material sintetiko bat nahi zuen, karpa handiak eraikitzeko erabiltzen den olanaren antzekoa baina mantentze eta kontserbazio arrazoiengatik azkenean ia suntsiezina den materiala aukeratu da: hamar urte inguruko garantia duen formika berezi bat. Formika egiteko paper itsatsi eta prentsatua erabiltzen da behar adineko lodiera duten xaflak lortzeko. Emaitza itxura zurruna duen materiala da, hotza nahiz beroarekin oso gutxi aldatzen dena. Oso sendoa izateaz gain, material iraunkorra da eta mantentzeko erraza, horregatik pieza hau egiteko ezin egokiagoa da.

Bestetik, alboetan kutxa metalikoak daude argi diodoekin. Kutxak metakrilato zeharrargiarekin estalita daude eta binilo itsaskorraz egindako zerrendak dauzkate. Piezak bi motako argiztapena dauka. Batetik argi estatikoa, “eskultura gorriaren” bi aldetan proiektatzen dena; eta, bestetik, argiztatze konplexu eta dinamikoa, alboetako kutxetan sortzen dena eta egituraren kanpoaldeko eta barrualdeko ertzetan mugimendu etengabearen efektua sortzen duena. Argiztapena itsasadarreko uretan islatuko da efektu magiko eta iradokitzailea sortuz.

Daniel Burenek ikuslearen eskuetan uzten du artelanaren interpretazioa. “Zubia hiriaren sarbide nagusietako bat da. Zubian sartzen zarenean Museoa ikusten da eta horregatik gustatu zitzaidan zubia arku gorri bizi batez estaltzeko ideia, horren azpitik, orain arte bezala, autoak nahiz oinezkoak igarotzeko. Bilbo eta mundua harremanetan jartzen dituen ate gorri handia”.

La Salveko zubian Arku gorriak esku-hartzea ezartzeak industria hiri zaharra eraberritzeko egin den ahalegin ikusgarriaren urrats berri bat da, orain hamar urte hasitako eboluzioa izan ere.


PRAEMIUM IMPERIALE 2007

Daniel Buren artistak “Praemium Imperiale” sari ospetsu jaso zuen pintura kategorian pasa den 2007ko urriaren 16an. Saria Hitachi printze japoniarrak eman zion, Akihito enperadorearen anaiak. Artista frantsesak Japoniako errege etxeak ematen duen arte plastiko eta eszekinoen sari garrantzitsu hau jaso du “bere kokapen zehatzeko lan aitzindariekin arte kontzeptualaren munduan haize bolada berri bat sartzeagatik”.

Aurreko edizioetan “Praemium Imperiale”arekin saritutako beste artisten artean Ingmar Bergman, Leonard Bernstein, Antoni Tàpies, Marta Argerich, Norman Foster, Maya Plisetskaya eta Mistislav Rostropovich aurki daitezke.


ARTISTAREN BIOGRAFIA 

Daniel Buren Boulogne-Billancourt-en (Frantzia) jaio zen 1938an. Bere ikasle urtetan arte diziplina ezberdinetan trebatu zen L'École des Métiers d'Art (1957–60) eta L'École National Supérieure de Beaux Arts-en ibili zenean. Hala ere, margolana landu izan du batez ere 1960tik aurrera.

1965etik aurrera Buren margotzeko ezohiko euskarriak erabiltzen hasi zen eta banda zuri eta koloretakoekin aurretik estanpatutako lihoarekin egin zituen margoak, elementu bisual eta fisiko sinpleenetara murriztuz, eta ilusio eta subjektibitate osoa kenduz. Artelanaren osagai literalengatik (gainazal eta euskarria —aurre eta atzealdea—) erakutsitako interesak, honen ezaugarri materialak eta ideologikoak aztertzera eraman zuen.

Daniel Burenen proposamen artistikoak, Europan hirurogeita hamarreko hamarkadan jazotako eraldaketa politiko eta sozialetan sustraitutakoak, hasieratik artearen eta artistaren eginkizunekin loturik egon dira, adierazpide ezberdinei eta horiek sortzen eta erakusten diren testuinguru sozialarekin duten harremanei buruz galdegiten utzi gabe. Artistak berak dioenez, bere lanek gauzak gertatzen diren mugak eta sortzailea eta behatzailea aurkitzen diren mugak erakusten dituzte.

Daniel Burenek berak “in situ” artea bezala izendatu zuen arte mota egin du azken berrogei urte hauetan. Artelan hauek instalatuko diren lekuan edo ohikoak ez diren erakustokietan egiten dira, espazio horietan ikusgai jartzeko. Lan egiteko era honekin, Burenek artelan baten aurkezpenean ematen diren botere harremanak ikertzen ditu, eta artelanak berak testuinguru fisiko eta kulturalarekin elkarreragiten duen moduari buruzko galderak egiten ditu. Gainera, artelanaren presentzia eta ikusleak duen ulertzeko modua, eta honen autonomia bisual nahiz ideologikoa ere aztertzen ditu.

Burenek elementu esanguratsu bat errepikatu du bere lanetan: 8,7 cm-ko zabalera duten oihal edo paperezko banda bertikal batzuk, euskarri ezberdinetan erabili dituenak. Koloretako banda hauek Frantziako ohiko euskarrietan dute sorburua. Tresna bisual horiekin artistak osagai piktorikoak adierazpide txikienera murriztu nahi zuen, era berean mundua bikoiztasun sinpleenera (espazio eta banda) ere murriztu daitekeelako metafora erabiliz. Kolore ukitu txikiek eraikinen egiturak alda ditzakete eta artelana hartzen duen espazioari garrantzia ematen diote.

Daniel Buren nazioartean ospe eta izen handia duen artista da, 1986an Veneziako Biennaleko Urrezko Lehoia jaso zuena. Mundu osoko erakunde publiko nahiz pribatuek eskatzen dizkiote bere esku-hartze pertsonal eta ezagunak, iraunkorrak eta aldi baterakoak. Erakunde horien artean New Yorkeko Guggenheim Museoa aurkitzen da, 2005ean bertan lanean aritu baitzen.


ARTELANARI BURUZKO DATU TEKNIKOAK 

La Salve zubia estaltzen duten formikazko ijezlan trinkoko 1.000 metro karratuak Bilboko Construcciones Lomsa enpresak egin ditu, bera izan baitzen Guggenheim Bilbao Museoak duela hilabete batzuk iragarritako lehiaketaren esleipenduna. IDOMen laguntza ere izan du, duela hamar urte Museoaren eraikuntzan parte hartu zuen Bilboko ingeniaritza enpresa.

Kanpoalderako Formica® trinkoa material berritzailea da, 10 Mpa-ko (100 kg/cm2) presioa  eta 140ºC-ko tenperatura jasaten duen estratifikazio prozesu baten bidez sortzen dena. Erretxina termoegonkorrekin inpregnaturik dauden kfrat paper motako orriek osatzen dute eta paper apaingarriak estaltzen ditu bi aldeetatik (gorria kasu honetan). Gainazaleko papera erresistentzia handiko erretxina termogogortuekin inpregnatuta dago eta gainera, kolorearen degradatzea saihesteko izpi ultramoreak ekiditeko funtzioa duen geruza batek babesten du.

Emaitza ijezlan trinko eramangarri laua eta aldaezina da, erresistentzia handikoa egurats zabalean eta izpi ultramoreen aurrean. Ondorioz, kolorea (gorria) denboran finkotasun eta egonkortasunez mantentzen da, gutxienez hamar urteko bermearekin (erraz luza daitekeen arren).

Izaera ez porotsuarengatik material honek hezetasun eta egurats agenteei aurre egiten die, eta  ez du mantentze lanik behar.

Argitzeari dagokionez, EBI eta Susaeta pro lighting enpresak 400 metro karratu estali dituzte 2 watt-eko 6.732 LEDekin, kalitate hobeagoa dutelako eta artistaren eskakizunei hobe egokitzen direlako.


FITXA TEKNIKOA

  • Zubiaren altuera: 55 m
  • Zubiaren zabalera: 28 m
  • Zirkunferentzien erradioa: 12 m
  • Formikazko ijezlan trinkoarekin estalitako azalera guzitra: 1.000 m2
  • Formikazko panelak: 8 mm-ko lodiera bakoitzak, 1,53 x 1,53 metro eta 11 kg /m2-ko pisua.
  • Argi kaxekin estalitako azalera guztira: 400 m2
  • LED-ak: 6.732 unitate.
  • Marrak: 87 mm-ko lodiera duen binilo itsaskorra. Koloreak: zuria eta beltza.
  • Inaugurazioa: urriaren 19an Museoaren Hamargarren Urteurrenarekin bat etorriz.
  • Aurrekontua: amaierako kostea 1,6 milioi eurokoa izango da
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.