Prentsa oharra

Eskuraketa: Cy Twombly artistaren Komodori buruzko bederatzi gogoeta

Cy Twomblyren Komodori buruzko bederatzi gogoeta eskuratu du Guggenheim Bilbao Museoak.

Guggenheim Bilbao Museoaren Tenedora Sozietateak gauzatu egin du Cy Twombly artistaren Komodori buruzko bederatzi gogoeta (Nine Discourses on Commodus) lanaren eskuratzea.

Lan hau bederatzi mihise handik osatzen dute eta artistak Italian bere burua erbesteratu zueneko lehenengo urteetako lan gailentzat hartzen da. Lan sutsuak eta espresionistak egin zituen garai hartan, 1966–71 bitarteko arbel-pinturek markatu zuten norabide berriaren aurrekoak. Twomblyren lanak Espresionismo Abstraktuaren eta ondorengo mugimendu kontzeptualen —Minimalismoa eta Pop artea— arteko zubia dira eta berebiziko garrantzia dute gerraosteko artea ulertzeko. Komodori buruzko gogoeta lan handinahi honetan Twomblyk Erromako inperioaren gainbeheraren kronika egiten du Aurelio Komodo enperadorea (161-192) eredu hartuta. Haren tiraniak, hantukeriak eta handinahikeria zoroak estatuaren egonkortasuna galduarazi zuen eta jendaurrean modu ankerrean eraila izatera eraman zuen. Tomblyk lan-sailetan lan egin zuen aurretik ere baina hau da bere lehen ziklo bateratua eta ondoren sortutako lan-multzorako aurrekari garrantzitsua izan zen.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.