PRENTSA OHARRA
Bilduma handitu du Guggenheim Bilbao Museoak: Mona Hatoum-en, Doris Salcedor-en, Liam Gillick-en eta José Manuel Ballester-en lanak eskuratu ditu
Bilduma handitu du Guggenheim Bilbao Museoak; Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Tenedora Sozietateak honako lan hauek erosi ditu: Mona Hatoum-en Gure etxea (Home, 1999), eta Doris Salcedo-ren Titulurik gabea, 2008. Horiez gain, dohaintzan eman dizkiote Liam Gillick-en Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan (How Are You Going to Behave? A Kitchen Cat Speaks, 2009), eta José Manuel Ballester-ren hiru argazki, Ezkutatutako txokoak (Espacios ocultos) sailekoak.
Mona Hatoum (Beirut, 1952) artistaren lana ezinbestekoa da 1980ko hamarkadatik egundainoko eskultura-lengoaiaren eta instalazio-artearen nondik norakoak ulertzeko. Gure etxea 1990ko hamarkadan sortu zuen, nazioarteko giroan gailurrean zegoenean: mundu osotik erakusketak zituen, eta omen handiko Turner Sarirako hautagai izendatu zuten. Mahai handi bat da lana; bertan sukaldeko hainbat tresna daude, metalezko matxarden eta kableen bidez elkarlotuta eta argindar hargune bati entxufatuta. Elektrizitateak objektu batzuen pean ezkutatuko zenbait bonbilla txiki argiztatzen du, eta, informatika-programa batez bidez, argiaren intentsitatea kontrolatzen da, baita pizten diren tartea ere; gainera, bozgorailu batzuek argindarrak sortzen duen durundia ozentzen dute. Horren gain, altzairuzko klabe horizontalez hesituta dago instalazioa, ikuslea hilgarriak izan daitezkeen objektu horietatik aldentzeko. Mehatxuzko ingurune artegarria sortzen du artistak; norberaren etxeari lotzen ez zaion ingurunea, guztiz aldentzen baita etxe bateko ohiko irudi goxo eta ziurretik. Horrek ikuslearengan eragiten du: halako erakarpena sentitzen du, baita nazka eta izua ere; ezaguna zaio, baina aldi berean ezezaguna. Horrelako inguruneak sortzea du Hatoum-ek ezaugarri. 525.000 dolarean erosi da Gure etxea.
Doris Salcedo (Bogota, 1958) bildumari gehitu zaion lehen artista latinoamerikarra da. Titulurik gabea lana sail baten zati da, artistak gaur arte egin duen sailik handienarena; 1989an hasi zuen, eta oraindik ere hura osatzen dabil. Sail horretan, zahartutako mahai eta armairuak elkartzen ditu eta gainazalak zementuz estaltzen ditu zati batzuetan. Horrela lortutako objektuen materiaren ezaugarriek aditzera ematen dituzte hainbat narrazio, artistarenak berarenak eta gizartearenak; gertakari horien lekuko mutuak dira. Salcedok aberriko, Kolonbiako, historia eta politika asaldatua aztertzeko erabiltzen du artea; behin eta berriro jorratu duen gaia da. 200 7an Londresko Tate galeriaren Turbinen aretoan ikusgai jarri zuen Shibboleth lana, zoruan egindako pitzadura erraldoia; arrakala horrek lehen munduaren eta hirugarren munduaren arteko alde handia adierazten zuen. Titulurik gabea 725.000 dolarean erosi da.Erositako lan horiek biak Guggenheim Bilbao Bilduma osatzeko eskuratze-ildo estrategiko berribaten adibide dira: eskuratzeen eremu geografikoa zabaldu nahi du Museoak, AEBko eta Europakoarteaz haratago. Horiez gain, dohaintzan emandako lau lan gehitu zaizkio Guggenheim Bilbao Bildumari.
Dohaintzak
Lehenengoa Liam Gillick-en (Aylesbury, Ingalaterra, 1964) lan bat da. Veneziako Bienalaren Alemaniako pabiloirako egin zuen 2009an eta Nola jokatuko duzu? Sukaldeko katu bat hizketan izena du. Nazioartean omen handia duen artistaren ibilbidean garrantzi handiko lana da. Moduluz osatutako sukalde bat da, pinu zurezkoa, eta, oinarri du Frankfurt modeloa, Margarete Schütte- Lihotzky arkitektoak babes ofizialeko etxebizitza batzuetarako 1920 hamarkadan diseinatutakoa. Modulu baten gainean disekatutako katu bat dago, ikusleei hizketan: bizitakoaren, harremanen, utopien, denboraren iragaitearen, etengabeko aldaketen eta abarren inguruan berba egiten die; artelanaren ingurua, baita ikusleen burua ere, hotsez betetzen du. Instalazio horren bidez adierazi zuen Gillick-ek garai modernoko kalitateko diseinua lortzeko utopia, eta horretarako bizitzeko gune egokiak aztertu zituen eskultura sozialaren diskurtso modernoa erabiliz. Izan ere, gai horiek bere lan guztien nondik norakoak laburbiltzen dituzte.
Bigarrena, José Manuel Ballester-n (Madril, 1960) formatu handiko hiru lan dira: Maiatzaren 3a (3 de mayo, 2008), Errege-erreginaren jauregia (Palacio Real, 2009) eta La Medusen almadia (La balsa de la Medusa, 2010). Ballester-ek Estatuko Argazki Saria jaso zuen 2010ean, eta haren hiru argazki horiek Guggenheim Bilbao Bildumaren argazki-funtsak aberastuko dituzte; izan ere, Espainiako egungo argazkilari nabarmenetako bat da. Lanok Ezkutatutako txokoak (Espacios ocultos) sailaren zati dira; horretan pintura klasiko eta modernoaren maisulanak berrinterpretatzen ditu Ballesterrek: pertsonaiak eta gertakizuna desagerrarazten ditu, espazioak, txokoak, leku gailena har dezan. Dohaintzan jasotako hiru lanek pintura ezagunei lotzen zaizkie: Francisco de Goyaren Maiatzaren 3ko fusilamenduak, Diego Velázquezen Meninak eta Théodore Géricault-en La Medusen almadia. Egunerokotasuna galdu gabe, eta bere garaiari uko egin gabe, klasikoak berreskuratzen ditu Ballesterrek; bada, lan guztietan gaur egungo ikuspegi batetik lantzen du denboraren iragaitearen eta heriotzaren aurkako gizakiaren borroka.
Bilbo, 2011ko urriaren 7an