Prentsa oharra

Eskuraketa: Ama (Maman) Louise Bourgeois

Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma Iraunkorrerako eskuratu berria

Louise Bourgeois (1911)
Ama (Maman), 1999
Brontzea, altzairu herdoilgaitza eta marmola
927 x 891,5 x 1028,7 cm

1911n Frantzian jaioa, Louise Bourgeois Sorbonan sartu zen  1932an matematikako ikasketak egiteko, baina karrera hau 1935ean utzi zuen artea ikasteko. Lau urte beranduago Robert Goldwater arte historialari amerikarrarekin ezkondu zen eta harekin New Yorkera joan zen bizitzera. Bertan, Art Students League-ra elkartu zen. Handik gutxira zurezko eskultura-serie bat hasi zuen, Pertsonaiak (Personnages) izenez ezaguna. Eskultura horiek bere ondorengo lan guztietan funtsezkoak izan diren gaiak eta obsesioak hezurmamitzen dituzte eta artistaren gertuko pertsonen ordezko antzeko bat ziren, pertsona horien artean batzuk hilda eta beste batzuk urrunduta zeudelarik.

Bost hamarkada baino gehiago biltzen dituen produkzio artistikoan zehar, Bourgeoisek marrazki, eskultura eta instalazio ugari sortu ditu. Lan horiek guztiak bere historia pertsonalean oinarrituta daude, baina modu literal edo narratibo batean baino gehiago, subkontzientea aztertuz. Bere lana bere buruan oinarritzen da, giza emozio sakonenak sentimendurik gabe adieraziz eta ikuslea lan horiekin aurrez aurre jartzera behartuz. Eta bere ikonografia fragmentazioaren (bereziki giza gorputzaren eta animalienaren zatiak), distortsioaren eta eskala-aldaketen erabileragatik bereizten da.

Ama (Maman) brontzez, altzairu herdoilgaitzez eta marmolez egindako eskultura da, Bourgeoisek 1999an sortua, eta bere dimentsioak 927 x 891,5 x 1028,7 cm dira. 90eko hamarkadaren bukaeran, Bourgeoisen helduaroko obretan dotoretasunaren, argitasunaren eta formen perfekzioaren sentimendu sakona antzematen zen. Hain zuzen ere, aldi hartan barneratu zuen armiarma eskultura izugarri baten itxurarekin, aldi berean hauskor eta sendo agertuz, gorputz ikaragarria duen egitura arkitektoniko itzel baten antzera. Bere hankak bakarrik behatuz gero, zorua ukitzeraino estutzen doazenak, eskulturak zutabe abstraktuez osatutako multzo baten antza du; ordea, begiarekin behetik gora hankei jarraituz gero, egituraren gainerako zatien handitasuna harrigarria irudituko zaigu benetan. Armiarmaren hanken azpitik ibiltzera behartuta, ikusleak erosotasunez babestuta ikusten du bere burua, edota kreatura erraldoiak bortizki mehatxatuta. Bourgeoisek giza adimenaren konplexutasuna aztertzen du Amatxo obran, armiarmarena baino gehiago harekin dugun harreman emozionalaren ahalmen izugarria agerian utziz. Obra konplexu eta monumental honetan, Bourgeoisek bikainki laburbiltzen ditu bere sorkuntzaren gai nagusiak, bere deabru emozionalak jendaurrean uxatuz eta ikuspegi poetiko batez bere haurtzaroko asoziazioak berriro eraikiz, intsektu ikaragarri baten itxurarekin.

Bere helduaroko eskultura honekin, Guggenheim Bilbao Museoak XX. mendearen bigarren erdiko artista aipagarri baten obra bat eskuratu du, Bilduman nagusitzen den Europa/Amerika ardatzean gehituz eta Solomon R. Guggenheim Foundation-ek dituen artista honen fondoak osatuz.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.