Prentsa oharra

Dohaitza Dario Urzay

DARÍO URZAYREN LAN BAT JASO DU DOHAINTZAN GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK

Batean (Mikrobertsoa II) frakzioa [En una (Microverso II) fracción, 1997] euskal pintorearen lan esanguratsuenetako bat da eta Guggenheim Bilbao Bildumari gehitu zaio: orain 70 artistaren 124 lan ditu

Darío Urzayren Batean (Mikrobertsoa II) frakzioa [En una (Microverso II) fracción, 1997] lana gehitu zaio Guggenheim Bilbao Bildumari, euskal artistaren esanguratsuenetako bat. Instalazio bat da, zeinetan pintura eta argazkigintza era harmoniatsuan uztartzen diren.

Dohaintza eskuzabal honi esker, Museoak 1997an erositako artista beraren Batean (Mikrobertsoa I) frakzioa [En una (Microverso I) fracción, 1997] lana osatuko du. Urzayk honela deskribatu zuen azken hori 1998an: “Guggenheimeko lanak, lehen aipatu dudanak, urdin eta begidunak, urrutitik zerbait galaktikoa, kosmikoa ematen du; baina, hurreratzean, eraldatu egiten da eta zainen antzeko zerbait ikusten duzu. Mikromundutik makromundura egindako bidai zorabiagarria da” [Miren Eraso, “Darío Urzay en una fracción”, Zehar: Boletín de Arteleku, 37. zk., Donostia, 1998ko uda]

Bi lanak aldi berean sortu zituen, eta dohaintzan emandakoa Batean (Mikrobertsoa I) frakzioaren kontrapuntu kromatikoa eta bisuala da. Bi lanetan, Urzayk bi arrasto mota jarri ditu, bata bestearen gainean: batetik kameraz egindakoa, eta, bestetik, margolariaren eskuak pintzelaren bidez utzitakoa. Pintzelaren eta kameraren arrastoak artistaren mugimenduaren araberakoak dira; baina, kamerarena, neurri batean, kontrola ezin daitekeen teknologiaren araberakoa ere bada.

1990eko hamarkadaren amaieran, teknika hori erabiltzea, hots, bi arrasto horien gainjartzea, Urzayren lengoaiaren bilakaera naturala izan zen. Alde batera utzi zuen isuritako, barreiatutako, besteren artean argizariz nahastutako eta pintzel mekaniko batez emandako pintura, eta, horren ordez, erretxinak erabiltzen hasi zen pintura estaltzeko, eta horrela ikusleari artistaren eskua ezkutatzeko. 1991n, Urzayk Camerastrokes saila hasi zuen; honakoa esan du artistak argazki-multzo horren inguruan: “kamera batez, espresionismo abstraktuaren pintoren baten brotxaren mugimendua imitatzen, egin ditut; argia izan da erabilitako ‘materia’” [Darío Urzay, Camerastrokes, Photomuseum, Zarautz, 1994].

Bi lanetan, alboko paneletan, guri begira dauden begiei horrela egin zien argazkia. Bestela esanda, telebista-pantaila bateko, kliskaka zebiltzan, begi batzuei argazkia atera zien, kamara mugituz. Argazkiaren irudi tinkoak telebistako irudi mugimenduaren isla da. Gure begiradatik ihes egiten dute begiek eta artelan osoko argia bereganatzen dute; ondorioz, beste paneletan (urdinetan zein gorrietan) dauden zelulak eta organismoen marko modura jarduten dute. Hurbiletik baino ez diegu begiei antzeman, urrunetik koloreko pinturaz zipriztindutako argi-orbanak baitirudite. Berriro ere “Mikromundutik makromundura egindako bidai zorabiagarria da” [Miren Eraso, “Darío Urzay en una fracción”, Zehar: Boletín de Arteleku, 37. zk., Donostia, 1998ko uda].

1997an eskuratutako lanean urdina da nagusi, eta artistarentzat “kosmikoarekin, pentsamenduarekin” zerikusia du [Darío Urzay, “Afrontar lo múltiple: una conversación con Dario Urzay”, elkarrizketa Eduardo Lago idazlearekin, Rekalde Aretoko katalogo baterako, Bilba, 2000]. Dohaintzan emandakoan, berriz, gorria da nagusi, eta odolarekin eta “bizitza likido” horrek artistarekin pizten dion interesarekin lotuta dago. Biek dute akabera distiratsua, ia ispilu batena, eta horregatik gerturatzean, artelanaren mikroorganismoan sartzen gara. Gure islak artelanean esku hartzera garamatza, eta, egiteko aktiboa hartzen dugunez, gure pertzepzioa aldatzen da.

Dohaintza honek Guggenheim Bilbao Bilduma osatu eta aberasten du, euskal artista gailen baten artelana baita. Hau aintzat hartuta, 1997tik 18 dohaintza jaso ditu Guggenheim Bilbao Museoak. Beste dohaintzen moduan, honakoa lan oso nabarmena da, kalitate handikoa, eta guztiz bat dator Bilduma osatzeko ardatzekin. Egun, Guggenheim Bilbao Bildumak 70 artistaren 124 lan ditu.

Bilbo, 2013ko apirilaren 19a.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.