Guggenheim Bilbao Museoak Chacun à son goût erakusketan parte hartu zuten hamabi artisten lanak eskuratu ditu
Joan den 2007. urtean Chacun à son goût erakusketan parte hartu zuten euskal artisten lanak eskuratu ditu Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo-k Guggenheim Bilbao Museoarentzat. Izan ere, erakusketan EAEn jaio edo lan egiten duten eta azken hamar urteotan ezagutarazi diren artistek Museorako beren-beregi egindako lanak bildu zituen. Eskuraketa hauen xedea Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduma sortze-ibilbide finkatua eta nazioartean proiekzio handia duten artisten lanekin aberastea da.
Erosi diren artelanak hauek dira: Flaneuses-en dantza (La danse des flâneuses, 2007), Elssie Ansareo; Zerumugak (Horizontes, 200107), Ibon Aranberri; Guztiz xarmangarria (Irresistiblemente bonito, 2007), Manu Arregui; Titulurik gabea. Madril. Carabanchelgo kartzela. Sartzeko fitxaren argazkietarako atzealdea, (Sin título. Madrid. Cárcel de Carabanchel. Fondo para las Fotografías de las fichas de ingreso, 1998), Clemente Bernad; Azken joeren 130.000 urte (130,000 Years of Last Tendencies, 2007), Abigail Lazkoz; AdosAdos (2007), Maider López; Nom de guerre (2007), Asier Mendizabal; Argi hormak 011 (Muros de luz 011, 2005), Aitor Ortiz; Irrintzi (2007), Itziar Okariz; Instalazio bilakatutako proiektua (Proyecto convertido en instalación, 2007), Juan Pérez Agirregoikoa; Diedroen segida (Secuencia de diedros, 2007), Sergio Prego; Desagertzearen poetika (Poétique de la disparition, 2006), Ixone Sádaba.
Honela, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumen funtsak aberastu eta osatu egiten dira baliabide berriekin argazkiak eta bide oak, gaur-gaurko arte-sorkuntzaren joerak jorratzen dituzten azken ikerketa dokumental, kontzeptual eta site-specific delakoen ildoetatik joz. Eskurapen hauen guztizkoa 444.222,89 eurokoa da.
Hamabi sortzaile horiek, 1990eko hamarkadaren amaieran sendotutako belaunaldi batekoak dira; eta haien ibilbideak agerian uzten dutenez, euren nortasun lokalarekin edo erregionalarekin zerikusia duten tentsioak aztertu eta zalantzan jartzeaz gainera, nazioarteko hizkuntzen egile ere badira. Eskuratutako artelanek gogoeta adierazgarriak proposatzen dituzte gai hauei buruz: nortasun kulturala, sexuen arteko aldeak, artearen boterea eta indarkeria politikoa.
ELSSIE ANSAREO. Flaneuses-en dantza. (La danse des flâneuses), 2007
Flanuses-en dantza (2007) artelana Elssie Ansareok (Mexiko Hiria, 1979) bere ibilbide osoan sortutako piezarik handinahiena dugu. 12 argazki-inprimaketek osatutako horma irudi ikaragarria da, 200 cm-ko altuera x 180 cm-ko luzaera dituena. Artelanaren osagaiak hauek dira: 8 panel dituen erdiko pieza bat, diptiko bat eta bi vanitas, horma irudiaren alboetan daudenak eta osotasunaren elementu formal eta estetikoak errepikatzen dituztenak.2 Bere argazki-lanetan Ansareok dualtasunetik begiratuta sakontzen du nortasunaren ideian, hau da, niari buruz gogoeta egiten du bestearengan duen isla oinarri hartuta. Ansareok sail-lana egiten du beti, eta eszenifikatutako argazkiaz baliatzen da istorio intimoak kontatzeko, linealak izan ez arren, traza narratibo nabarmena dutenak.
Flanuses-en dantza, Chacun à son goût erakusketarako propio sortutako obra, zuri-beltzeko horma-irudi panoramiko ikaragarria da, modernotasunaren soziologia feministatik begiratuta gizonezkoaren irudi nagusiaren apropiazioa islatzen duena. Horretarako, Ansareok familia irudietatik datozen pertsonaia fantasmagorikoen galeria bat sortu du, haien fisionomia indibidualak nahasten direneko espazio neutro batean batera existitzen direnak, baina elkarrekin bizi ez direnak.
Obraren eskuraketa prezioa 49.222,89 eurokoa izan da.
IBON ARANBERRI. Zerumugak (Horizontes), 2001 - 2007
Ibon Aranberri (Itziar-Deba, Gipuzkoa, 1969) euskal artisten belaunaldi berrian gehien nabarmentzen denetarikoa da. 2002. urtean Frankfurteko Manifesta 5 europar bienalean parte hartu zuen eta ordutik nazioarteko ospea nabarmen handitu da, batez ere 2007ko Dokumenta XIIrako aukeratu zutenetik.
Zerumugak instalazioa Aranberrik euskal artearen ikonoen inguruan sortutako artelan sail batekoa da. Instalazioak jaietan ikusten diren banderatxo horien antza duten 500 estanpazio barne hartzen ditu. Estanpazio hauek Eduardo Chillidak sortutako ikonografia ezaguna sorberritzen du.
Eskultore fazetatik harantz, Chillidak anagrama ugari diseinatu zituen erakunde kultural eta politikoetarako. Ikonografia honek tokiko memoria kolektiboa eta korporatiboa definitu du neurri batean. Aranberrik ikono hauek birziklatu eta aldarazi ditu, batera jarri eta inolako ordena sekuentzialari jarraitu gabe, jatorrizko itxura galdu eta nahasten diren heinean neutralagoak diren zeinuak bilakatu ditu.
Bere inguruneko memoria kolektiboaren irudiak interesatzen zaizkio Aranberriri eta bere artelanen bidez erabaki politiko jakin batzuek dituzten ondorioei buruzko galderak planteatzen ditu, maila eskultorikoaren pean ekintza, artxibo edo deialdi bihurtuta sarritan.
Obraren eskuraketa prezioa 75.000 eurokoa izan da.
MANU ARREGUI. Guztiz xarmangarria (Irresistiblemente bonito), 2007
Manu Arreguiren (Santander, 1970)
hasierako lanetan pertsonaia nagusia alter ego birtual gisa agertzen zen (Bonjour Baudrillard, 2003). Orain, aldiz, pertsonaia errealekin zuzenean lan egiten du, eta haien bitartez galderak planteatzen ditu urritasunak edo sexu nortasuna bezalako ideien inguruan.
Ildo beretik doa Guztiz xarmangarria obra, Chacun à son goût erakusketarako bereziki egina. Aldi3 honetan, Vanesa Jiménez da pertsonaia erreala, kristalezko hezurrak dituen neska bezala ezaguna dena. Vanesa famatu bihurtu zen nolabait telebistan, norbere burua hobetzeko nahiaren adibide gisa erakusten zuten programa batzuetan. Arreguik agerian uzten du, baldintzatzen den edozein errealitate bezalaxe, pertsonaia erreal hau bere buruaren kopia hiperreal, eta, beraz, Baudrillardek esan bezala, inoiz existitu ez den zerbaiten simulazio bihurtu dela.
Ordenagailuaren bitartez, Manu Arreguik 3Dko modelatu eta animazio birtualeko teknikak erabiltzen ditu eta sarritan itxuraldatzen du 1940ko eta 1950eko hamarkadetako Hollywoodeko melodrama, soinu- banda itxurati horiekin, oraingo gaiak aztertzeko. Introspekzio psikologikoa, nortasunaren bilaketa edo sexu-kode zaharkituen desegitea dira bere errepertorio artistikoaren ohiko gaiak.
Obra honen eskuraketa prezioa 30.000 eurokoa izan da.
CLEMENTE BERNAD. Titulurik gabea. Madril. Carabanchelgo kartzela. Sartzeko fitxaren argazkietarako atzealdea, (Sin título. Madrid. Cárcel de Carabanchel. Fondo para las Fotografías de las fichas de Ingreso) 1998
Clemente Bernad (Iruña, 1963) kazetaritzako argazkilari independenteak dokumentu sozial gisa erabiltzen du argazkia, ahaztutako istorioak berriro gogoratzea helburu duten sailak lantzeko. Batzuetan eskariz eta beste batzuetan bere gogoz sortutako lanak dira, ikuspegi kritikoaz kontatuta.
Bernadek nagusiki sailak egin ohi ditu, baina Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako irudi bakar bat hautatzean, argazki berezi batean biltzen den esanahiaren alde egin du. Titulurik gabea. Madril. Carabanchelgo kartzela. Sartzeko fitxaren argazkietarako atzealdea izeneko Bernaden lana jasotzen zuen aretora sartzean bisitariak ikus zezakeen lehen obra da, eraikina itxi baino aste bete lehenago atera zuena. Alde guztietatik pitzatutako horma baten erdian, urradurak eta hezeguneak ere dituena, karratu formako oihal zati zuri bat dago zintzilik. Irudiaren ezkerraldean ageri den neurtzeko eskalak oihala atxilotuei argazkiak ateratzeko hondo bezala erabili zela aditzera ematen du. Eskuinaldean, zuriz margotutako zutabe batek gaur egungo hil-oihal honen marko simetrikoaren funtzioa betetzen du. Argazkia aurrez aurre atera zuen eta modu argi, abstraktu eta era berean erreal eta irmo baten, gaur egungo errudunaren zaintzan ohikoa eta ezinbestekoa den metodologia aurkezten du.
Obra honen eskuraketarekin, 7.500 euroko prezioa izan duenarekin, kazetaritzako argazkigintza eta dokumentazio-jardunak gaur egungo errealitatea aztertzeko forma nagusi gisa onartzen dira.
ABIGAIL LAZKOZ. Azken joeren 130.000 urte (130,000 Years of Last Tendencies), 2007
Abigail Lazkozek (Bilbo, 1972) Azken joeren 130.000 urte obran erabilitako zuri-beltzeko marrazkia, idazkera soil eta sintetiko gisa, horman egindako interbentzio handi bat da, artearen sistemak modaren eta berritasunaren aurrean duen obsesioa aditzera ematen diguna. Era berean, homo sapiens-en ehorzketa erritualak kultura antropologikoaren adierazpide direla ere gogora ekartzen digu.4
Oraingo proposamen artistiko askorekin bat etorriz, hemen ere obraren argumentu nagusia da heriotza. Lazkozek, ordea, ez du izugarria edo makabroa den zerbait balitz bezala irudikatzen, ikusteko moduko arrastorik utzi gabe gertatzen den zerbait balitz bezala baizik. Ikusleak horma-hobi/umetoki batzuk ditu aurrean, non hildakoek, kanpoaldean zer gertatzen den ez dakitela, kontzentrazio ariketa nagi batean murgilduta diruditen. Bakartze isil horrekin zerikusirik ez dutela, hilarrietako testuek, begiramenik gabe, heriotzaren itxura baketsua bortxatzea dute helburu.
Obra honetan, New Yorken bizi eta bertan lan egiten duen artista honek berriro heldu dio, formari dagokionez, zuri-beltzeko marrazkiak errepresentaziorako baliabide gisa dituen aukerei buruzko ikerlanari, eta aldi berean, omenaldi egiten die pintura klasikoaren baliabide piktorikoei, besteren artean marko angeluzuzenari eta nitxo geometrikoari, hala, Sánchez Cotánen natura hilen forma organikoei kontrajartzen zaio.
Bere obraren eskuraketa prezioa 55.000 eurokoa izan da.
MAIDER LÓPEZ. AdosAdos, 2007
Maider López (Donostia-San Sebastián, 1975) gaur egungo euskal artean irudi gailenetakoa da 2005eko Veneziako Bienalean partu hartu ostean eta duela gutxi Rotterdamen, Budapesten eta Arabiako Emirrerri batuetan egindako proiektuen ondoren. Bere lana artearen, diseinuaren eta arkitekturaren arteko elkarrizketatik sortzen da, eta ildo hori jarraitzen dute bere instalazioek, paretatan, zoruetan edo leihoetan interbentzioak eginez, ere barruetarako edo hirietarako altzariak sortuz, edo zutabe sailak aurkeztuz, artistak obra bihurtzen baitu galeria baten edo eraikin baten espazio arkitektonikoa.
AdosAdos, deialdi publiko bidez aurretik egindako [Ataskoa, 2005 edo Hondartza (Playa), 2006] arte ekintzen ildotik doa. Museoaren Hamargarren Urteurrena ospatzeko Lagunekin egindako ekintzaren 16 argazkik osatzen dute. Erkide horretako 1.000 kide baino gehiago bildu ziren Museoan eraikina itxuraz handiagotzeko. Horretarako titanio itxurako xafla bana eutsi zuten euren buruen gainean, giza-amarru bat sortuz. Maiderrek orain Museoaren Bildumaren osagai den argazki sail honetan betikotu zuen ekintza. Irudi multzo hau artistaren ibilbidearen adierazgarri da, arkitekturaren eraldaketa Museoaren kanpoaldeko handiagotze iragankorraren proposamen batekin irudikatzen den heinean. Handiagotze honetan parte hartu duten pertsonak dira, Maider Lópezek dioenez, arkitektura eraikitzen dutenak.
Sailaren eskuraketa prezioa 42.000 eurokoa izan da.
ASIER MENDIZABAL. Nom de guerre, 2007
Chacun à son goût erakusketarako sortu zuen Nom de guerre obran, Asier Mendizabalek (Ordizia, Gipuzkoa, 1973) itxuraz kale borrokaren ready made bat dena Museoaren testuinguru aratz eta sakratutzat jotako horretara eraman du, bertan ezarritako mugak eta kontserbazio arauak arakatuz.
Interbentzio honek bi osagai ditu: erregaiez betetako metalezko edukiontzi bat, suontzi inprobisatu baten antzera hormigoizko bloke baten gainean sugarra uneoro kanporatzen duena; eta kearen ihesbide bertikal bat, museologiaren ikuspegitik beharrezkoa. Sua gizarte-sukar gisa erabiltzen duen bitartean, obra honek zalantzan jartzen du eskulturaren funtzio monumentala eta oroitzapenezkoa, eta zeharka aipatzen du Museoa bera inauguratu zeneko Hamargarren Urteurreneko ospakizuna.
Asier Mendizabalentzat errealitatearen errepresentazioa ezinezkoa da errealitate horretatik kritikoki urrundu gabe. Aurretik egin izan zuen bezala, Zer eskatzen du herriak? (2004) obran adibidez (bideo bat da, musikari talde bat errebindikazio politikoekin lotu ohi den abesti herrikoi bat jotzen erakusten duena), ideologia jakin baten izenean edo besterik gabe batera egoteko premiak eraginda taldeak eta gizabanakoak elkartzen diren moduak ikertzen ditu Bilbon bizi eta bertan lan egiten duen artista honek.
Obra honen eskuraketa prezioa 23.000 eurokoa izan da.
AITOR ORTIZ. Argi hormak 011 (Muros de luz 011), 2005
Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Aitor Ortizek argazkilaritza dokumentaziorako, analisirako eta espazio arkitektonikoa aldatzeko erabiltzen du.
Hasiera batean, Ortizen lana, Desegiturak (Destructuras, 19952002) sailean murgildua, lehendik existitzen diren espazioen errepresentazioan oinarrituta egon zen. 2002 eta 2003 urte bitartean, Modular.mod sailak aldaketa nabarmena adierazi zuen argazkiak, irudikatutako espazioa interpretatzeko ikusleak duen gaitasuna zalantzan jartzeko eginak, perspektiba aldarazten zuten bastidore higikorren gainean muntatuta erabiltzean. Argi hormak saila argazkilaritzak adimenean bertan espazioak sortzeko duen fikziozko ahalmenaren baieztapena da eta artistaren obsesio estetikoak eta sortze-bilakaera aditzera ematen ditu.
Sail horretatik Museoak erosi duen irudian, argizko kubo arkitektoniko zuri-zuri bat dago betadun eta mineralen itxura duen harrizko mahai batean; zulo batean sartuta dago eta harrian bikain zizelkatu zuen. Irudi horren eta sail bereko besteen oinarrizko materiala Markinako (Bizkaia) marmol beltzeko harrobitik hartu zuten 2004an. Ondoren, collage digital neketsu baten bidez, artistak argizko gune ortogonalak gehitu zizkion tonu sublimea eta melodramatikoa emanez, bizitzeko gunearen eta museo aretoen purutasunaren ideia azaltzeko.
Aitor Ortizen obrak ikuslea gonbidatzen du nortasun-harremanen inguruan, eta arkitekturaren eta argazkilaritzaren arteko ezberdintasunen, hau da, benetako espazioaren eta fikziozko eraikitzearen arteko ezberdintasunen inguruan hausnartzera.
Obraren eskuraketa prezioa 23.000 eurokoa izan da.6
ITZIAR OKARIZ. Irrintzi, 2007
Irrintzi (2007) bideoan jasota dagoen ekintza sail bat da. Lan honetan Itziar Okariz (Donostia-San Sebastián, 1965) Museoan barrena dabil irrintziak nortasuna adierazi eta eskatzeko zeinu bilakatu den eta ospakizunetan bozkarioa adierazteko mantendu izan den antzinako garrasia botaz eta Museoaren areto desberdinetan erresonantzia desberdinak sorraraziz.
New Yorken bizi eta bertan lan egiten duen artista honentzat, Museoko espazioetatik soinu eginez egindako ibilbide hau espazio arkitektonikoa fisikoki atzemateko modu bat da gainera, baita irrintziaren konnotazio tradizionalen eta Museoaren modernotasunaren arteko kontraste semantikoaren ariketa bat ere. Bere ahotsa, soinu-substantzia gisa erabilia, Museoaren espazioak puntuatzen doa eta, beraz, esanahia aldatu egiten da eta berriro egituratzen da harrera egiten dion testuinguruaren arabera, interferentzia soziala eta kulturala sortzeko duen eraginkortasuna erakutsiz.
Dokumentazio bideografiko honetan, soinuaren eta irudiaren arteko tartea ahalik eta gutxien atzeratzean, mezuaren igorpenaren eta ikusleak mezu hori jasotzeko duen gaitasunaren arteko sinkronia falta aditzera ematen digu Okarizek.
Itziar Okarizek gizarteak nortasunak eraikitzen dituen modua aztertzen du, sexuaren eta generoaren inguruko gaietan oinarrituta batik bat, baina beste alderdi kultural eta politiko batzuk ahaztu gabe.
Obraren eskuraketa prezioa 25.000 eurokoa izan da.
JUAN PÉREZ AGIRREGOIKOA. Instalazio bilakatutako proiektua (Proyecto convertido en instalación), 2007
Juan Pérez Agirregoikoak (Donostia-San Sebastián, 1963) Chacun à son goût erakusketarako egindako lana Museoaren leku zehatzetan jarritako pankartak dira. Horiek eslogan, lema eta testu ezagunetan eta hedatuetan inspiratu ziren, artistak aldatu eta bere kultur ondarearekin nahasten ditu, horrela bere iritziak eta gaitzespenak aditzera ematen ditu.
Guggenheim Bilbao Museoko Atrioan zintzilikatutako pankarta erraldoian Zuen nahiari men egin diozue? (¿Habéis cedido a vuestro deseo?) esaldia agertzen zen, eta hitz horien bidez adierazi nahi zuen artistak gure boterearen aurrean etsi eta beste batzuen inposizioen menpean jartzen garela. Oinarri zuen ideia adierazteko, esaldia beste pankarta txikiago batean agertzen zen osorik, Instalazio bilakatutako proiektua eskulturaren osagai batean, hain zuzen, egun Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren parte den horretan. Bertan artistak kirol ikuskizunetan publikoa jokoaren eremutik banatzen duten hesi horien antzekoan ipinita, eslogan sorta bat bildu zuen, esaterako: Olvida a tus padres (ahaztu gurasoak), Repudia el sexo (gaitzetsi sexua) eta Rechaza el trabajo (ez onartu lana).7 Obrak honekin ordura arte artistak izan zituen adierazpen-guneak zabaldu ditu, orokorrean pankartak egitera mugatu baita. Horregatik, da honakoa Agirregoikoaren lanik esanguratsuenetakoa bere adierazpen jarduera sustatzen baitu, berau eskultura eta instalazioa bezalako eremuetara zabalduz.
Parisen bizi eta bertan lan egiten duen artista honen obran, umore kaustikoak, ironiatik igaro eta zenbaitetan sarkasmora iristen den umore horrek, inguratzen gaituen indarkeriaren halako errepresentazio sentikor bat eraikitzen du.
Instalazioaren eskuraketa prezioa 30.000 eurokoa izan da.
SERGIO PREGO. Diedroen segida (Secuencia de diedros), 2007
Sergio Pregok (Donostia-San Sebastián, 1969) objektu gisa baino, espazioko interbentzio eta transformazio gisa hartzen du eskultura eta, hain zuzen ere, ikusmolde horrek eraman du Chacun à son goût erakusketarako Diedroen segida interbentzioa asmatzera. Aluminiozko bost panel mugikorrek osatzen dute Atrioaren barrualdeko kristalezko errezel-horman ipinitako interbentzio hau. Panel horiek oldarka sartzen dira Museoaren soinu- eta ikus-ezaugarrietan eta horiek eteten dituzte aurretik ordenagailuz erregulatutako mekanismo hidraulikoek finkatutako erritmoen bidez.
Tituluak abstrakzio geometrikoaren aipamen soil bat dirudi, baina bere ibilbide profesionala New Yorken garatzen duen eta bere lanak MoMaren P.S.1en, Veneziako Bienalean eta Baselgo Azokan erakutsi dituen artista honek, heltzeko zaila den leku batean obra bat instalatzera ausartzean, erronka bat bota nahi die museoetako espazio tradizionalei ez ezik, edota artelanak bilduta dituzten espazio publikoei ez ezik, artearen beraren izaerari ere erakusketa baten testuinguruan.
Pregok gaur egungo teknologiak erabiltzen ditu, berak asmatutako sistema hidrauliko akasu, lekuaren, denboraren eta objektu eskultorikoen arteko erlazioak distortsionatu, aldarazi eta berregiteko, objektu horiek pertsonak nahiz haien barrena dabiltzan material formagabeak izan kea edo likidoak, adibidez. Grabitatearen, abiaduraren edo ikuspenaren ohiko parametroak aldatuz, eta denbora errealarekin eta denbora diferituarekin jolastuz, Pregok zeharo eraldatzen ditu ohiko pertzepzio moduak.
Obraren eskuraketa prezioa 55.000 eurokoa izan da.
IXONE SÁDABA. Desagertzearen poetika (Poétique de la disparition), 2006
Ixone Sádaba (Bilbo, 1977); New Yorken bizi da eta bertan lan egiten du. 1960ko hamarkadaren hasieran eman zen ezagutzera eragin handiko antzeztutako argazkiekin eta performanceekin. Bere lanetan nortasunaren inguruko gaiak aztertzen ditu bere irudiaren bikoizketaren bitartez. Horretarako, antzerki- koreografiak antolatzen ditu berealdiko paisaia apokaliptikoetan. Chacun à son goût erakusketan artistak bost argazkik osatzen duten Desagertzearen poetika (2006) saila barne hartu zuen. Desagertzearen poetika Gaston Bachelarden obra seminal batean inspiratuta dago, eta bertan Sádabak nortasunaren eta dualtasunaren kontzeptuetan arakatzen du, ohe baten gainean agertzen den gorputz zatikatu baten irudien bidez. Obra seminal horren berri emanez, Sádabak gogo aldarte psikologikoen alegoria eraiki du hemen, non beldurrak eta segurtasun faltak, keinu soil bihurtuta, ohea irakurtzera eramaten duten ikuslea, Bachelardek esango lukeen bezala, bere esperientziaren isla modura. Sailean erdiratua eta simetrikoa den gela baten (beheko su bat eta aurrealdean ohe anonimo bat daude) irudia errepikatzen da.
Saila osatzen duten irudietako batean gorputza bere buruaren itzal gisa agertzen da. Ondoren datozenetan emakumearen gorputz atal ezberdinak ilusio optikoak zatikatuak ikusten ditu, Jean Luc Nancy filosofo frantziarraren hitzak hartuz, gorputz torturatu, bortxatu, mindu, makurtu guzti horiek. Gorputz gisa izatea ukatzen zaien gorputz guzti horiek gogora ekarriz.
Sailaren eskuraketa prezioa 29.500 eurokoa izan da.
Informazio gehiago eta irudiak eskatzeko:
Guggenheim Bilbao Museoa
Komunikazio eta Marketing Arloa
Tel: +34 944359008
Fax: +34 944359059
media@guggenheim-bilbao.eus
Guggenheim Bilbao Museoaren inguruko informazio guztia www.guggenheim-bilbao.eus helbidean aurki daiteke (prentsa eremua). Eman izena e-mail bidezko alerta zerbitzuan.