Prentsa oharra

Eskuraketa: Georg Baselitz

Guggenheim Bilbao Museoak Georg Baselitz-en Lenin andrea eta urretxindorra 16 pinturako saila eskuratu du

Guggenheim Bilbao Museoak bere bilduma handitu du eta orain 106 lanek osatzen dute. Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Tenedorak eskuratu du Georg Baselitz alemaniarraren pintura-sail bat. 2008an amaitu zuen saila da eta Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs Lenin and the Nightingale) du izena. Guztira 4 milioi euroko prezioa izan du.

Sail hau Baselitzen lanen artean maisulantzat dute adituek; are gehiago, Europako pinturaren adibide bikaintzat ere badute. Hori dela eta, Guggenheim Bilbao Bildumaren arte alemaniarraren funtsak ederki osatzen ditu sailak. Izan ere, Museoak baditu arte alemaniarraren lan nabariak, besteren artean honako artista handienak: Joseph Beuys, Sigmar Polke, Anselm Kiefer eta Gerhard Richter; era berean Solomon R. Guggenheim Foundation-en funtsak ere osatzen ditu, horretan era artista horien lan esanguratsu asko daude eta.

Lenin andrea eta urretxindorra (2008) tamaina handiko hamasei mihiseko saila da —300 x 250 cm-koa da bakoitza—. Pinturok bi taldetan banatzen dira: zortzik atzealde zuria eta kolore biziko irudiak dituzte, eta beste zortziek atzealde beltza eta kolore hitsagoko formak. Sailaren koherentzia errepikapenean oinarritzen da, hots, behin eta berriro agertzen da konposizioaren osagai nagusia lanari osotasuna emateko. Irudi hori elkarren ondoan eseritako bi gizon dira, zakila agerian dute eta, serio daudela, eskuak izter gainean dituzte; horrez gain, buruz behera daude. Motibo horren iturria Otto Dixen erretratu bat da, hain zuzen, Artistaren gurasoak (Die Eltern des Künstlers, 1924) lana; horregatik esan dezakegu, beste maisulanen bidez moduan, Baselitzek honen bidez ere begirunea agertzen diola artearen historiari.

Horrez gain, askotariko erreferentziak daude lanean: Lenin andrea Lenin diktadorea da, jakina baita mozorro asko janzten zituela; urretxindorra, berriz, Stalin dugu, besteak beste, haren ahots goxo eta poesia zaletasuna dela eta ezagun zena; halaber, artistak bere bizipenak agertzen ditu lanean, esaterako, zazpi urte zituela Dresdetik alde egin behar izan zuela senideekin batera, hiria bonbardatu zuten eta.

Ekialdeko Alemaniaren gizartearen inguruan honatx artistak esan duena: “Fanatismo erlijioso baten pareko sekularizazioan hazi nintzen: Leninen, Stalinen eta galdutako gudaren ondorioz gizarte berri bat eratu zen Alemanian, alegia, gizarte sozialista, komunista eta antifaxista, argi zuena iraganeko politika zela gauzatu beharrekoa, beste aukerarik onartu gabe, bestelako politika-sistemarik aintzat hartu gabe”.

Pintura bakoitzaren izenburuak ere esangura geruza gehiago ditu eta hala, mihise bakoitzaren eta sailaren alderdi gehiago agerian uzten ditu. Izan ere, Helsinki Art Museum-en zuzendari Janne Gallen-Kallela-Sirén-ek horrela esan zuen: “Artelanaren osotasuna diktadoreen irudien, Europako historiaren eta artearen historiaren hariez ehundutako sarean datza eta horretan, mihise bakoitza zuntz bat da: Baselitzen bizipenak iturri dituena, hark beste pertsona batzuekin, batez ere, artistekin bizi izan zuena edo hark artista horiez hausnartu zuena”. Hain zuzen, hitz joko eta asmakizun itxura dute izenburuek eta, besteak beste, honako artista hauek aipatzen dituzte: Tracey Emin, Jake eta Dinos Chapman, Jeff Koons eta Damien Hirst, Lucien Freud eta Frank Auerbach.

 

Jenio urratzailea

Georg Baselitz Bigarren Mundu Gerra osteko europar artista nabarmenetakoa da eta, zalantzarik gabe, artista gazteagoek duten ereduetako bat.

Hans-Georg Kern izenez jaio zen 1938an Deutschbaselitz-en (Saxonia) —gerora Ekialdeko Alemania izan zen—. 1956an Ekialdeko Berlinera joan zen; bertan pintura ikasi zuen Arte Ederren eta Arte Aplikatuen Akademian, baina “politikoki heldua ez [omen] zen”ez eskolatik bidali zuten eta ikasketak Ekialdeko Berlinen Arte Eder Akademian jarraitu zituen. 1958an hiri horretan bizitzen jarri zen. Garai horretan Georg Baselitz izena hartu zuen, jaiotze-hiriari omenaldia egiteko.

Berlingo Werner & Katz galerian egin zuen lehen erakusketak iskanbila handia sortu zuen: erakusketako bi artelanek, Gaualdi handia zapuztu zen (Die groβe Nacht im Eimer , 1962/63; egun Museum Ludwig Köln-en) eta Gizon bat biluzik (Nackter Mann, 1962), zakil tente handidun gizon bana irudikatzen zuten, eta ezmoralak zirelakoan konfiskatu zituzten. Auzitara eraman zituen Baselitzek eta 1965 arte ez zizkioten pinturak itzuli.

Lanean hasi zen Baselitz gerraosteko Alemanian igartzen zuen espiritualtasun, kultura eta gizarte-egitura eza zela eta. Artistaren hitzetan: “Alemania hutsik zegoen. Guztiak, jakintzak, tradizioak, alde egin izan zuen. Pertsonak hezi behar ziren berriro demokratikoak izan zitezen. Artea ekarri behar zen Alemaniara”.

Haren lana figuraziorako itzulera da eta XX. mende hasierako espresionisten, Edvard Much pintorearen edo XVI. mendeko Matthias Grünewald maisu handiaren lanei lotzen zaio. Dena den, artistak honakoa azpimarratu du: “Nire lanek itsusiak behar zuten. Garrantzitsua zen niretzat; bortitzak, desatseginak behar zuten; ez ziren apartekoak izan behar edertasuna, adierazgarritasuna edo dotoretasuna dela eta, baizik eta itsustasuna dela eta: irudi okerrak, motz-motzak”.

1965ean Florentziako Villa Romana-n sei hilabete eman zituen eta ordutik aurrera Italiara bidaiatu zuen maiz. 1960ko hamarkadaren amaieran hasi zen alderantzizkatutako irudiak, hau da, buruz behera dauden irudiak, egiten, hasierako lanen narrazioa eta figurazioa baztertu nahian: “Koadro batek, paper batek, ez du, izatez, orientazio naturalik; ez dago goiko alderik, ezta beheko alderik, eskuinalderik eta ezkerralderik ere. Konbentzioak, ohiturak, baino ez dira. Eta, azkenean, jakin dut badagoela konbentzio horiek hausteko modua pintura bat egitean: irudiak buruz behera jartzea”, esan zuen artistak.

1960ko hamarkadan Baselitz atzamarrak erabiltzen hasi zen pintura emateko; geroago, ahoa eta oinak erabili zituen. Izan ere, irudiari estuki atxiki nahi zitzaion, gogoaren bidez ez ezik, gorputzaren bidez ere bai: “Harean marrazten duen norbait hondartzari erraz hurbiltzen zaio”.

1976an lehen atzerabegirakoa eskaini zioten Munich-eko Staatsgalerie Moderner Kunst-en eta 1980an Alemaniaren ordezkari izan zen Veneziako Bienalean eta Eskultura baterako modeloa (Modell für eine Skulptur, 1979/1980) lana aurkeztu zuen bertan. Luzaroan irakasle izan zen; lehenbizi Karlsruhe-ko Estatuaren Arte Eder Akademian eta geroago Berlingo Arte Eder Akademian.

Gaur egun Bavierako Ammersee lakuan eta Italiako Imperia hirian bizi eta lan egiten du.

Bilbon, 2010eko abenduaren 3an.

Guggenheim Bilbao Museoaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago www.guggenheim-bilbao.eus (prentsa-eremua) webgunean.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.