- Datak: 2023ko ekainaren 27tik urriaren 8ra
- Kuradoreak: Doryun Chong eta Mika Yoshitake, Lucía Agirrerekin lankidetzan
- Babeslea: Iberdrola
- Antolatzailea: M+, Hong Kong, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan
- Yayoi Kusamaren obra bere sormen-esplorazioek gidatu dituzten gai eta galdera nagusien inguruan egituratzen da: Infinitua, Metaketa, Konektibitate erradikala, Alderdi biokosmikoa, Heriotza eta Bizitzaren energia.
- Erakusketak biltzen dituen pintura, marrazki, eskultura, instalazio eta bere happening eta performanceen artxiboko materialen bitartez aditzera ematen da Kusamak nola heltzen dien bere jardun artistikoa bultzatzen duten galdera existentzialei.
- 1960ko hamarkadaren bukaerako giro kontrakulturalean aitzindari, Kusamak arraza eta generoagatiko diskriminazioak salatu, gerra eta militarismoa kritikatu, eta hedabideen atentzioa erakartzen du bere happening publikoekin.
- Kusamak naturarekiko duen interesa mistikoa eta literala da aldi berean. Horren erakusgarri dira bere kalabazak, artistak espiritu begetal onberatzat dituena, baita bere arimaren islatzat ere, nahiz eta aldi berean naturarekin zuzenean identifikatzen diren.
- Berriki sortu duen Nire betiereko arima (2009-2021) saileko obra alai eta koloretsuek Kusamaren asmo eta konpromiso batean sakontzen dute: bere sufrimendua arte bihurtzea “gizateria osoa sendatzeko”.
Guggenheim Bilbao Museoak Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino aurkezten du, arte garaikidean eragin handiko figura eta XXI. mendeko ikono kultural bati eskainitako atzera begirako erakusketa handi bat. Erakusketak, Iberdrolak babestuak, Yayoi Kusamaren (1929, Japonia) unibertso obsesibo, berezi eta abangoardistan murgilduko du bisitaria, garatuz eta eboluzionatuz joan dena zazpi hamarkadatan zehar aparteko ibilbide artistiko bat osatzeraino.