Prentsa oharra

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua

  • Datak: 2018ko irailak 21–2019ko martxoak 24
  • Komisarioa: Megan Fontanella, Solomon R. Guggenheim Museum
  • BBVA Fundazioak bakarrik babesten du

Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua Solomon R. Guggenheim Foundation-en Thannhauser bildumatik dator, eta ia 50 obra aurkezten ditu, bai Inpresionismoko eta Postinpresionismoko margolari handienak, bai lehenengo maisu modernoenak (Paul Cézanne, Edgar Degas, Édouard Manet, Pablo Picasso eta Vincent van Gogh).

Lehenengo aldia da Thannhauser bilduma ospetsuaren sorta esanguratsu bat New Yorketik kanpo erakusten dela, 1965ean, duela 50 urte baino gehiago, Guggenheimen sartu zenetik.

Thannhauser bildumako obrak abangoardiako egileenak dira, zeinek artea askatu egin nahi izan baitzuten XIX. mendearen amaierako genero eta bitarteko akademikoetatik. Egileok fenomeno naturalen eragin aldakorrak arakatu zituzten, eta aztertu zuten nola irudikatu eraldatzen ari zen hiriaren ikuskizuna XX. mendearen hasieran, baliabide estilistikoak erabiliz, hala nola pintzelkada askea, bai eta jardunbide berritzaileak ere, hala nola plano piktorikoa zatikatzea.

Erakusketan, margolanak, eskulturak eta paper gaineko obrak ez ezik, artxibo-materiala ere badago, hala nola Thannhauserren galeriako inbentario-liburuak eta argazki historikoak, sakonki dokumentatzeko familia horrek beren garaiko zenbait artista, bildumagile eta arte-merkatarirekiko zuen konpromisoa.

Bilboko Guggenheim Museoak Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua aurkezten du. Erakusketa horri esker, lehen aldiz ikusi ahal izango dira New Yorketik kanpo Thannhauser bilduma ospetsuko obra gehienak —bilduma hori duela 50 urte baino gehiago egindako legatuari esker eman zitzaion Solomon R. Guggenheim Foundation-i—. Thannhauser legatua BBVA Fundazioak bakarrik babesten du, eta Inpresionismoko eta Postinpresionismoko margolari handi batzuen eta zenbait maisu modernoren (Paul Cézanne, Edgar Degas, Édouard Manet, Pablo Picasso eta Vincent van Gogh) ia 50 obra hartzen ditu barnean.

Deskargatu PDFa

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.