Prentsa oharra

Urte eroak: 1920ko hamarkada

  • Datak: maiatzaren 7tik irailaren 19ra
  • Komisarioak: Cathérine Hug, Kunsthaus Zürich, eta Petra Joos, Guggenheim Bilbao Museoa
  • Eszenografia: Calixto Bieito
  • Guggenheim Bilbao Museoak eta Kunsthaus Zürich museoak batera antolatutako erakusketa

 

  • 1920ko hamarkada aurrerabidearen garai bat izan zen, baina baita erreakzio garai bat ere, Lehen Mundu Gerran bizitako esperientzia traumatikoarekiko eta 1918an jarraitu zion pandemiarekiko, oraingo koronabirusaren antzeko ezaugarriekin. Horrek guztiak bizitzeko irrika bizia —erakusketan islatua— piztu zuen jendearengan.
  • Guggenheim Bilbao Museoaren eta izen handiko dramaturgo eta opera-zuzendari Calixto Bieitoren arteko lankidetza aitzindaria da erakusketa honen berritasun nagusietako bat. Izan ere, Bieito arduratu da eszenografiaz, arte plastikoen eta arte eszenikoen arteko elkarrizketa jori bati bide emateko.
  • Joan den mendeko hogeiko hamarkadak sormenaren eta liberazioaren eztanda ekarri zuen berekin artearen arlo guztietan eta bizi-estiloan ere, eta bidea ireki zien hainbat aldaketari, gaur egun oraindik ere indarrean dirautenei.

Guggenheim Bilbao Museoak Urte eroak: 1920ko hamarkada erakusketa aurkezten du. Hamarkada iraultzaile horretan barrena eskaintzen den ibilbide suspergarri bat da, ikusgai dituena 300etik gora objektu adierazgarri, garaiko diziplina artistiko nabarmenetakoak; pintura, eskultura edo marrazkitik hasita, argazkilaritza, zinema, collage, arkitektura eta altzari-diseinuraino.

Erakusketak Europako hainbat hiritara hurbilduko du Museoko bisitaria. Berlin, Paris, Viena eta Zurich dira hiri horiek, aldaketa eta aurrerabide nabarmenak bizi izan zituztenak arlo guztietan, horietako asko indarrean gaur egun ere. Nahiz eta ezin den alderatu oraingo hamarkada 1920koarekin, paralelismo harrigarriak daude bien artean. Duela mende bateko gizartea pandemia baten traumak jota bizi zen, eta Mundu Gerraren ondoren izandako atzeraldi ekonomiko batean murgilduta. Hala eta guztiz ere, aurrerabidearen hamarkada ere izan zen, sormenak eta liberazioak eztanda egin zuten garai bat, eta horregatik hain zuzen, etorkizunari begira adorea eta inspirazioa ematen duten ideiak eskaintzen ditu atzerabegirako honek.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.