Prentsa oharra

Soto. Laugarren dimentsioa

  • Datak: urriak 18, 2019 –otsailak 9, 2020
  • Komisarioa: Manuel Cirauqui, Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna

Guggenheim Bilbao Museoak Soto. Laugarren dimentsioa aurkezten du, Jesús Rafael Soto (Bolibar Hiria, Venezuela, 1923–Paris, 2005) artistaren obra errepasatzeko atzera begirako erakusketa. Guggenheim Bilbao Museoak eta Parisko Atelier Sotok elkarlanean antolatutako erakustaldiak 60 obratik gora biltzen ditu, tartean artistak berak Zeharkagarri (Penetrable) gisa izendatutako formatu handiko zenbait partaidetza-eskultura. Sotok artearen arestiko historiari egindako ekarpen garrantzitsu eta ikonikoenak dira eskulturok. Horiez gain, pintura eta horma-obra historiko ugari ere aurkeztuko dira, 1950eko hamarkadaren hasiera eta 1960koaren amaiera bitartean garatu zen arte zinetikoaren bilakaeran artistak izan zuen funtsezko papera ulertzeko bidea ematen dutenak. Hala, Sotoren jardun artistikoak XXI. mendeko lehen hamarkadara arte izandako garapena hautemateko aukera izango dute ikusleek.

Erakusketan, gainera, artistaren sailik garrantzitsuenetako pieza esanguratsuak egongo dira, besteak beste, honako hauetakoak: Bolumen birtualak (Volúmenes virtuales), airean zintzilik diruditen figura geometriko handiak gogora dakartzaten obra bertikalak; Hedadurak (Extensiones), lantzean opakoak eta lantzean haloa bezain sotilak diren masa kromatikoak agertzen dituzten lurreko piezak; eta Progresioak (Progresiones), aire-formak bai lurretik eta bai sabaitik agerrarazten dituzten obrak, segida zinetiko edo tentsio-josteta eten batean elkartzen direnak.

Deskargatu PDFa

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.