Prentsa oharra

Sekzioak/Intersekzioak Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte

  • Datak: 2022ko urriak 19 – 2023ko urtarrilak 22
  • Komisarioak: Lekha Hileman Waitoller, Manuel Cirauqui, Geaninne Gutiérrez-Guimarães, Lucía Agirre eta Maite Borjabad, Guggenheim Bilbao Museoa
  • Babeslea: BBK

Triptiko handi baten moduan taxutua, Sekzioak/Intersekzioak erakusketak gaika antolatutako hiru hurbilketa eskaintzen ditu, elkarren arteko loturak nabarmendu eta ikuspegi berri bat aurkezteko, Museoaren Bilduma bere 25. urteurrenaren ospakizunean bestelako argitan behatzeko aukera eskainiz.

Historiaren mugarriak hurbilketak, hirugarren solairuan, Guggenheim Bilbao Museoaren bi giltzarri ditu protagonista: Frank Gehryren arkitektura, bere jatorrizko argitasuna agerian utzita, eta Bildumako pieza gailenen sorta bat, XX. mendearen bigarren erdiko artearen historian izandako hainbat mugarri nabarmentzeko.

Narratibagintza hurbilketak, bigarren solairuan atalka aurkeztuak, hogei artistaren hainbat obra biltzen ditu, narrazioaren paradigmen ikuspegi ireki bat eskaintzen dutenak kronologia, mugimendu eta estilo anitzen bidez gaika taldekatuta.

Bizitza materiala hurbilketak, lehen solairuan, naturako funtsezko elementuen arrastoari jarraitzen dio, eta haien transformazio, konbinazio eta indarrei erreparatzen die egungo testuinguru konplexuan.

2022an Guggenheim Bilbao Museoak bere 25. urteurrena betetzen du eta, ospatzeko, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumaren aurkezpen handi bat taxutu du bertako areto guztiak hartzen dituena BBKren babesari esker. Triptiko handi baten moduan aurkeztua, Sekzioak/Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Bildumak 25 urte erakusketak gaika antolatutako hiru hurbilketa biltzen ditu, elkarren arteko loturak agerian utzita, eta bere ibilbidean zehar Museoaren barrualdea eta kanpoaldea definitu dituzten artelanak bestelako argitan behatzeko aukera emanez. Hala, Museoak sortu zenetik gaur arte osatzen aritu den Bildumaren ikuspegi panoramiko bat eskainiko du, bere historian lehen aldiz solairu guztietako areto guztiak —horietako asko aldi baterako erakusketetarako erabili ohi direnak— osorik hartuta. Erakusketa kolektibo handi honen gaikako ardatz nagusiak hauek dira: hirugarren solairuan Historiaren mugarriak, bigarrenean Narratibagintza eta lehen solairuan Bizitza materiala.

Deskargatu PRENTSARAKO TXOSTENA

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.