- Datak: 2017ko martxoak 30–uztailak 16
- Komisarioa: Manuel Cirauqui
- Film & Video aretoa (103)
Pierre Huyghe-ren (Titulurik gabea) Giza maskara [(Untitled) Human Mask, 2014] hartuko du Guggenheim Bilbao Museoak 2017ko martxoaren 30etik uztailaren 16ra; lan hori lehenbiziko aldiz aurkeztuko da Espainian. Bideoartea, bideoinstalazioa eta irudia mugimenduan darabiltzaten artelanak erakusteko 2014an ireki zenetik Film & Video aretoan ikusgai ipintzen den hamargarren artelana da.
Pierre Huyghek (Paris, 1962) 2014. urtean sortu zuen (Titulutik gabea) Giza maskara [Untitled (Human Mask)], Japoniako sake-etxe tradizional batean bezeroez arduratu eta haiek entretenitzen zituzten etxekotutako bi tximinoren benetako historia ezagutu ostean. Huyghen filmaketa inguru mortu batean kokatzen da; gertatu berri zen tsunamiak eta Fukushimako hondamendi nuklearrak eraitsitako etxeak bereizi ditzakegu bertan. Eraikin goibel baten barruan zehar biztanle bitxi bat dabil: antzerki-maskara japoniar tradizionala, emakume-ileorde bat, alkandora zuria eta eskolako uniforme baten antzeko soineko ilun bat daramatza soinean. Tximino bat den arren, jarrera arretatsu eta irrikatsuak, bai eta gorputz-hizkerak ere, gizatasun anbiguo bat dakarkigu gogora. Huyghek dekoratu irreal batean animalia baten jokabidea aztertzearen paradoxa lantzen du, errealitatea arakatzeko; finean, giza kondizioa.