Prentsa oharra

Michael Snow: Zirkuitu itxia

  • Datak: martxoak 22–uztailak 1
  • Komisarioa: Manuel Cirauqui
  • Film & Video aretoa (103)

2018ko martxoaren 22tik uztailaren 1era, Guggenheim Bilbao Museoak Zirkuitu itxia erakusketa aurkeztuko du; bertan, 1960ko hamarkadatik zinema esperimentalaren garapenean funtsezko figura izan den Michael Snow artista kanadarraren lau obra bilduko dira. Erakusketa horrek inauguratuko du Film & Video aretoko 2018ko programazioa. Guggenheim Bilbao Museoaren ekimena da Film & Video aretoa, bideoarteak, bideoinstalazioak eta mugimenduan dagoen irudiak arte-baliabide gisa sortutako lan giltzarriak erakusteko abiatua.

Michael Snow (Toronto, 1928) artistaren praktikak, bideoartea eta zinema esperimentala lantzeaz gain, pintura, argazkilaritza, eskultura eta musika era barne hartzen ditu. Diziplina anitzeko artista da, eta askotariko baliabide eta materialei buruz duen ezagutza aplikatzen du obrak sortzerakoan, berak azaldu duen moduan: “zinemagile batek egiten ditu nire margolanak, musikari batek nire eskulturak, pintore batek nire filmak (…) eta, batzuetan, denak aldi berean aritzen dira”.

Modu gurutzatu eta libre horretan, Michael Snowk munduko irudikapen bisual eta ez-bisualeko sistemen inguruan hausnartzen du. Harentzat, film-irudiaren materialtasuna (denborazkotasuna, soinua, kolorea eta argitasuna) bertan irudikatutakoa bezain garrantzitsua da. Horren harira, argia eta denbora dituen eskultura gisa ulertzen du artistak zinema, eta, aldi berean, ikuspegia berenganatzen, desbideratzen edo blokeatzen dituzten objektuak egiten ditu; horrela, artelanak arreta-zirkuitu espezifikoak sortzeko duen gaitasuna jartzen du agerian.

Deskargatu PDFa

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.