Prentsa oharra

Lucio Fontana. Atarian

  • Datak: 2019ko maiatzak 17–irailak 29
  • Komisarioak: Iria Candela, "Estrellita B. Brodsky" Curator of Latin American Art, The Metropolitan Museum of Art, New York, Manuel Cirauqui Guggenheim Bilbao Museoko Arte Arduradunarekin.

Fontanaren 1930 eta 1940ko hamarkadetako obra goiztiarrek handiagotuz doan abstrakzioz betetako ibilbidea islatzen dute, zeina urte zail haiek markatu zituzten estetika-korronteen eraginpean egon baitzen. Era berean, artistaren hastapenetako lan haiek obra berantiarragoetan nagusitu ziren mihise zigortuen izaera urratzailea iradokitzen dute.

Erakusketak Ebakidurak (Tagli) saileko adibide bikainak aurkezten ditu, bai eta horren aurreko artistaren Zuloak (Buchi) delakoen garapena ere; hala, pintura, eskultura eta ekintza artistikoa batzen dituen eremu batean kokatzen du pieza horien erradikaltasuna.

Bere Giro espazialen (Ambienti spaziali) eta argi eta espazioarekin gauzatutako esperimentuen bitartez, neoizko hodiekin egindakoak barne, instalazio-artearen eta artelan inguratzailearen geroagoko garapenaren oinarriak ezarri zituen Fontanak.

Atarian erakusketak zeharkako ikuspegi osatu bat ezartzen du artistaren inguruan, XX. mendearen zati handi bat definitu zuten gatazka eta larritasunen eraginpean aritu baitzen hura: klasizismoaren berrazterketa abangoardien aldetik eta Europako mugimendu totalitarioei lotutako estetika, Mundu Gerra eta mugimendu artistikoen nazioarteko berrantolaketa gerraostean, eta teknologiaren gorakada “aro espaziala” deitu zen hartan.

Guggenheim Bilbao Museoak Lucio Fontana. Atarian aurkezten du, XX. mendeko artean giltzarri izandako artista bati egindako hurbilpena. Erakusketa honetan, ehun objektu inguruko hautaketa zainduak barne hartzen ditu 1931 eta 1968 artean egindako eskulturak, zeramikak, pinturak, paper gaineko obrak eta giroak; elementu horien bitartez, aukera dugu gerraosteko sortzaile itzaltsuenetako baten laneko aldi funtsezkoenak ezagutzeko.

Deskargatu PDFa

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.