Nota de prensa

Lipchitz-en bi marrazkiren dohaintza

GUGGENHEIM BILBAO MUSEOAK JACQUES LIPCHITZ-EN BI MARRAZKIREN DOHAINTZA JASO DU

Azken besarkada (Salvataggio) III gaiaren bariazioa [Variation on the Theme of Last Embrace (Salvataggio) III], 1970–72, eskulturarako bi estudio gehitu zaizkio Guggenheim Bilbao Bildumari, beraz, horrek egun 63 artisten 105 lan ditu

Marrazkiok Azken besarkada (Salvataggio) III gaiaren bariazioa, 1970–72, igeltsuzko lana, material horrekin sortu zuen azkenetakoa, prestatzeko egin zituen Jacques Lipchitzek eta Guggenheim Bilbao Bilduman sartu dira Jacques & Yulla Lipchitz Foundation-en dohaintza eskuzabalari esker.

Marrazkiek gorputz biren besarkada jasotzen dute. Gai hori bere ibilbide guztian zehar landu zuen Lipchitzek eta Herriaren gobernua eskulturarako lanerako maketa (Working model for Government of the People, 1967) lanean ere ikus daiteke. Museoari lan horixe eman zion dohaintzan fundazio horrek joan den otsailean.

Dohaintza honek Guggenheim Bilbao Bilduma osatzen eta aberasten du. Izan ere, lanok XX. mendeko funtsezko artista batenak dira. Gainera, egun arte ez da Guggenheim Bildumetan Jacques Lipchitzen marrazkirik izan. 1997az geroztik Guggenheim Bilbao Museoari egin dioten hamahirugarren dohaintza da. Besteen moduan, kalitate eta adierazgarritasun handiko lanak dira eta Bildumaren ildoei egokitzen zaizkie. Egun, bada, 63 artisten 105 lan daude.

Irudiok Lipchitzek lanak diseinatzeko erabiltzen zuen metodoaren adierazle bikainak dira. Kosme de Barañanok artistaren igeltsuzko lanen katalogo arrazoituan “ikerketa-marrazki” gisa deskribatzen ditu horrelako lanak. Eskulturen diseinua eta xehetasunak, argia eta haren islak eskulturan aztertzeko
erabiltzen zituen zirriborroak, askotariko paper motetan egiten zituenak.

Jacques Lipchitz XX. mendeko eskulturaren maisutzat hartzen da. Bere ibilbide emankorrean zehar bizitza pertsonalaren inguruko sentipenak adierazteaz gain, gertaera historiko erabakitzaileei ere heldu zien, hala nola, nazien Alemanian Hitlerrek boterea hartzeari, holokaustoari, Espainiako gerra zibilari, Israelgo Estatua sortzeari, eta abar. 1915 eta 1925 artean sortu zituen lan kubistek eta 1920ko eta 1930eko hamarkadetako “lan garden”ek ezagun egin bazuten ere, amaierako lanek argi uzten dute guztiz askea eta zintzoa zela, ez zitzaiola inolako estilori lotzen.

Lipchitzen marrazkiak haren igeltsuzko eskulturarekin —joan den otsaileko dohaintza— batera aurkeztuko dira lehen aldiz Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak erakusketan, Museoaren bildumaren lanez besterik ez osatutako erakusketan, alegia.

×

En esta página, utilizamos cookies para aportarte una mejor experiencia de navegación y un servicio más personalizado. Si continuas navegando, consideramos que aceptas su uso.
Puedes cambiar la configuración u obtener más información consultando nuestra Política de cookies