Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoaren ingurua tantoz bete da Yayoi Kusamaren lanari keinu eginez

Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino erakusketa ekainaren 27tik urriaren 8ra bitartean egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan, eta haren irekiera ospatzeko, Museoa inguratzen duten urmaelak artistaren lanak bereizgarri dituen tanto gorriz beteta esnatu dira.

Urmaeletako ur gainean dauden tamaina ezberdinetako bostehundik gora tantoek erabat eraldatu dute Museoaren ingurua, eta arte garaikidean eragin handiko figura ez ezik XXI. mendeko ikono kulturaletako bat ere baden artistaren omenez egindako street marketing ekintza da. Uda guztian zehar, kanpoko instalazio hori Museoko aretoetan Kusamari eskainitako erakustaldiaren erakusleihoa izango da bertoko eta kanpoko bisitarientzat.

Jasangarritasuna da Iberdrolaren babesari esker egindako ekimen horren gakoetako bat. Bertan erabilitako 540 tantoak material jasangarrizkoak dira, eta, Museoak bere ekintza guztien karbono-aztarna murrizteko duen helburuarekin bat, etxetresnen atzeko aldeak egiteko birziklatuko dira.

Erakusketa Hong Kongeko M+ museoak antolatu du Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, eta Yayoi Kusamaren (1929, Japonia) unibertso obsesibo, berezi eta abangoardistan murgilduko ditu bisitariak, zazpi hamarkadatan zehar aparteko ibilbide artistiko bat osatzeraino garatuz eta eboluzionatuz joan den unibertsoan murgildu ere.

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.