Prentsa oharra

Guggenheim Bilbao Museoak Prudencio Irazabal artistaren eta Lekha Hileman Waitoller arte-arduradunaren arteko solasaldia aurkezten du

Guggenheim Bilbao Museoak Guggenheim Bilbao Insights segidako bideo berria aurkeztu du gaur. Bideo horietan Museoaren Arte Ardura arloko kideek Guggenheim Bilbao Museoaren Bilduman artelanak dauzkaten artistekin solas egiten dute; oraingo honetan protagonistak Prudencio Irazabal artista eta Lekha Hileman Waitoller arte-arduraduna dira.

Elkarrizketan Irazabalek 1996an Museoaren Bildumarako sortu zuen obra argitsua dute hizpide: kolore gorri biziko lau panelez osatutako Titulurik gabea 767. zk. Artistak obra hori sortzera bultzatu zuen ikerketa-prozesua azaltzen du, eta kontatzen du artelana egiterakoan margolanaren barrualdea, geruza ezberdinez osatua, kanpoaldearekin batzea zela bere asmoa: “Ikerketa egiterakoan konturatu nintzen margolanaren barne-bizitza deitzen nuen hura interesgarriagoa iruditzen zitzaidala gainazalean garatu nahian ari nintzena baino”.

Ateak itxi berri dituen Asmamenaren ildoa erakusketako aretoetan grabatutako solasaldian, Prudencio Irazabalek bere sormen-prozesuaz gogoetatzen du, eta hizketa-gai ditu, besteak beste, Titulurik gabea 767. zk. lanerako aukeratutako kolorea, eta obra osatzen duten panelen artean tarteak uzteko hartu zuen erabakia.

Bideo guztiak Museoaren webgunean daude eskuragarri, bai eta museoaren YouTube kanalean ere.

Hamaika artista
Ondokoak dira orain arte Guggenheim Bilbao Insights sailean parte hartu duten hamaika artistak: Alyson Shotz, Jose Manuel Ballester, Ernesto Neto, Itziar Okariz, Esther Ferrer, Pello Irazu, Doris Salcedo, Jeff Koons, Aitor Ortiz, Elssie Ansareo eta Prudencio Irazabal.

Sei ikuspegi
Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek osatzen dute, eta haietako bakoitzak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko dizkio proiektuari. Hona hemen taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituzten azken erakusketetako batzuk:

  • Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak beste: Alice Neel (2021), Lee Krasner (2020), Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018), Pello Irazu (2017), Bill Viola (2017) edo Jeff Koons (2015).
  • Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren. Film & Video aretoko programazioaren arduraduna da. Hortaz gain, honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Jesús Rafael Soto (2019), Henri Michaux (2018), Anni Albers (2017) eta Artea eta espazioa (2017).
  • Geaninne Gutiérrez-Guimarães : 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza; Basque Artist Program koordinatzen du bertan. Fauvismotik surrealismora. Parisko Musée d'Art Moderneko maisulanak (2022) eta Lygia Clark (2020) erakusketen komisarioa izan da.
  • Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko Art Institute-tik etorri ondoren. Emakumeak abstrakziogille (2021) eta Asmenaren ildoa (2021) erakusketen komisarioa izan da.
  • Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: Urte eroak: 1920ko hamarkada(2021), Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise Bourgeois (2016).
  • Marta Blàvia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Jean Dubuffet (2022), Kandinsky (2020) eta Richard Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video programan ere.
×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.