Prentsa oharra

Gerhard Richter. Itsas paisaiak

  • Datak: 2019ko maiatzak 24–irailak 9
  • Komisarioa: Lucía Agirre, Guggenheim Bilbao Museoko arte arduraduna
  • 304 aretoa (hirugarren solairua)

Hiru hamarkadatan zehar formatu, kolore eta estilo desberdinetako itsas paisaiak sortu ditu Richterrek: ostertzaren lerroa apenas igarri dakiokeen itsas paisaia abstraktu batekin hasi, eta argi anbiguo batek soilik lausotutako zeruen fotorrealismoz betetako lanak etorri ziren gero.

Zeruek, hodeiz beteta edo erabat bare, mihisearen parte handi bat betetzen dute itsas paisaietan, eta gutxi batzuetan baino ez ditu itsasoak gainditzen.

Richterrek irudi perfektua sortzea du xede: momentu desberdinetako itsaso bat eta zeru bat baliatuz, ametsezko konposizio bat osatzen du, non perspektibak eta argiak ikuslea harrapatzen duen zerbait daukaten.

Guggenheim Bilbao Museoak Gerhard Richter. Itsas paisaiak erakusketa aurkezten du, artista alemaniarraren itsas paisaia entzutetsuen gaur arteko bilduma zabalenaz gozatzeko aukera paregabe bat. Richterren itsas paisaiak ez dira naturaren irudikapen soil bat. Ikuslearen pertzepzioari erronka egiten diote alde batetik, pintura argazkiaren pareko bilakatuta: azalera liso-lisoa lortzen du artistak, pigmentua asko diluituz, eta desfokuratu egiten du irudia, bat-bateko argazki batzuetan gertatu ohi den gisa. Bestalde, edertu egiten du paisaia Richterrek, perfekzioa erdiesteko saiakeran; obra batzuetan bi irudi desberdinetatik datoz itsasoa eta zerua, eta bat egiten dute ia-ia trukagarri bilakatzeraino; hala, ikusleari uzten diote horietako bakoitza identifikatzeko lana.

Deskargatu PDFa

 

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.