Prentsa oharra

David Hockney: ikuspegi zabalago bat

Irekiera- eta itxiera-datak: 2012ko maiatzak 15–irailak 30
Komisarioak: Edith Devaney, Londresko Royal Academy of Arts-eko Arte Garaikide Proeiktuen Arte Arduraduna, eta Marco Livingstone, komisario independentea
Babeslea: Iberdrola

David Hockney: ikuspegi zabalago bat erakusketa Londresko Royal Academy of Arts-ek antolatu du Guggenheim Bilbao Museoaren eta Koloniako Museum Ludwig-ekin lankidetzan. Hockney egun jardunean dagoen britainiar pintore gailentzat dute, eta erakusketa honetan haren ibilbidean paisaiak duen leku esanguratsua aztertzen da; gaurdaino gai horri eskainitako erakusketarik handiena da Espainian.

Iberdrolaren babesari esker, Museoko bigarren solairuan 150 bat lan ikusgai daude: olio-pinturak, ikatzziriz eta iPad bidez egindako marrazkiak, zirriborroen koadernoak eta bideo digitalak, gehienak azken zortzi urteetan sortutakoak. Nolanahi ere, 2004tik aurrera egindako jaioterri Yorkshire-ko paisaiaren margolan biziak dira erakusketaren muina. Erakusketak margolariaren munduan murgilduko gaitu, eta aditzera emango digu askotako teknikez baliatuta artistak natura bizitasunez jasotzeko gaitasuna duela eta gaztaroko paisaiari atxikitzen zaiola.

Ibilbide osoan irudikatu du natura Hockney-k, are beste gai batzuk nagusi zituenean ere bai. Agerikoa da erakusketan; izan ere, lan jakin batzuk aukeratu dira horixe azaltzeko eta azkenaldian egindako paisaien testuingurua emateko. Lanok tarte handia hartzen dute, Bradford-en ikasle zenetik, 1956tik, 1998ra, eta, garai ezberdinetako paisaia horiek, espazioa irudikatzeko ardura eta natura islatzeko koloreen erabilera eta perspektibaren manipulazioa aspaldiko gaiak direla adierazten dute.
Deskargatu PDF

×

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.