Datak: 2012ko urriak 30–2013ko otsailak 17
Komisarioa: Achim Hochdörfer, Museum moderner Kunst Ludwig Wien (mumok) museoko arte arduraduna
Babeslea: BBVA Fundazioa
Ibiltaritza: Vienako Museum moderner Kunst Ludwig Wien, Koloniako Museum Ludwig, Guggenheim Bilbao Museoa, New Yorkeko Museum of Modern Art eta Minneapolisko Walker Art Center
Vienako Museum moderner Kunst Ludwig Wien museoak eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarrekin antolatu dute erakusketa hau, eta Bilbon egitea BBVA Fundazioaren babes eskuzabalak eta Terra Foundation for American Art erakundearen laguntzak ahalbidetu dute. Gai du Claes Oldenburg (Stockholm, 1929) 1950eko hamarkadatik egun arteko arte-irudi gailena. Artistaren 1960ko hamarkadako lan goiztiar, berritzaile eta enblematikoei buruzko erakusketa da Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada, Espainian inoiz antolatutako handiena.
Hamarkada horretan, Oldenburgen eguneroko objektuen irudikatze ironiko eta zorrotzak pizgarri handia izan ziren AEBko arte-eszena berritzeko eta, ondorioz, performance, instalazio-artearen eta Pop artearen artista nagusienetakoa izendatu zuten. Haren lan polifazetiko eta heterogeneoa askoz haratago doa, ordea. Horren adibide garbia dira eskala handiko proiektuak, Coosje van Bruggenekin eginiko kontsumo-objektu itzelak, munduko hiri askotan jarritakoak; eragin handia izan zuten gune publikotarako eginiko artearengan.
Industria-produkzioko objektua Oldenburgen lanaren funtsezko osagaia da: etengabe aldatzen den salgaia denez, kulturaren transmisore eta mundu kapitalistaren irudimenaren, apeten eta obsesioen ikur da.