Datak: 2013ko ekainaren 14tik urriaren 6ra
Komisarioa: Bice Curiger
Aretoak: hirugarren solairukoak
Egoitzak: Kunsthaus Zürich eta Guggenheim Bilbao Museoa
Kunsthaus Zürichek eta Guggenheim Bilbao Museoak lankidetzan antolatu dute Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak. Erakusketak elkarrizketa bat sortzen du artelan garaikideen eta XVII. mendeko margolanen artean, eta helburu du Barrokoaren kontzeptua ohiko pertzepzio estetikotik aldentzea, zenbait klixe alde batera uzteko, hala nola, handitasuna, apaingarriak eta urre koloreak; aitzitik, “bizitza ezegonkorraren adierazpideetan” arreta jartzen du: bizitzaren izaera ezegonkorra eta neurrigabea bezain zalantzagarria.
Erakusketak aurrez aurre jartzen ditu XVII. mendeko artista handien lanak eta egungo sortzaileenak: Pieter Aertsen, Giovanni Battista Langetti, Alessandro Magnasco, José de Ribera, Jan Steen, David Teniers Gaztea, Simon Vouet eta Francisco de Zurbarán, besteren artean, eta Maurizio Cattelan, Robert Crumb, Urs Fischer, Glenn Brown, Tobias Madison, Paul McCarthy eta Cindy Sherman, besteak beste. Bi artelan multzo handi horien arteko azaleko analogia tematikoak eta formalak saihestea du asmo erakusketak; izan ere, errealitate desberdinak plazaratu arren, talka egiten dutenak, antzekoak direla aditzera eman nahi du: elkarren inspirazio-iturri dira, elkar elikatzen dute eta ikuslearen begirada berritzen dute.