Azkeneko egunak Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak erakusketa ikusteko; gaur egun arte 375.000 bisitari erakarri ditu Museora
Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak erakusketak gaur egun arte 375.000 bisitaritik gora erakarri ditu Museora. Urriaren 6an itxiko da (igandea).
Kunsthaus Zürichek eta Guggenheim Bilbao Museoak lankidetzan antolatu dute Barroko neurrigabea: Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak. Erakusketak elkarrizketa bat sortzen du artelan garaikideen eta XVII. mendeko margolanen artean, eta helburu du Barrokoaren kontzeptua ohiko pertzepzio estetikotik aldentzea, zenbait klixe alde batera uzteko, hala nola, handitasuna, apaingarriak eta urre koloreak; aitzitik, “bizitza ezegonkorraren adierazpideetan” arreta jartzen du: bizitzaren izaera ezegonkorra eta neurrigabea bezain zalantzagarria. Erakusketak aurrez aurre jartzen ditu XVII. mendeko artista handien lanak eta egungo sortzaileenak: Pieter Aertsen, Giovanni Battista Langetti, Alessandro Magnasco, José de Ribera, Jan Steen, David Teniers Gaztea, Simon Vouet eta Francisco de Zurbarán, besteren artean, eta Maurizio Cattelan, Robert Crumb, Urs Fischer, Glenn Brown, Tobias Madison, Paul McCarthy eta Cindy Sherman, besteak beste.
Erakusketa hori behin betiko itxi ondoren, Guggenheim Bilbao Museoak Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964–2009) irekiko du urriaren 4an. Orain urte bete luze hil zen artista katalana, eta oraintxe egingo zaio erakusketa. XX. mendeko funtsezko artista honen alderdi ezezagun baina garrantzi handiko bat agertuko du erakusketak: hain zuzen, eskultura-lanak, bost hamarkadatan egindakoak. Sakonki aztertuko dira haren eskulturak lehenbiziko aldiz: ehun bat artelan bildu dira, tartean, 1960ko hamarkadaren erdialdeko eta 1970eko hamarkadako lehen objektu eta muntaiak eta azken aldiko txamotadun lurrez eta brontzez egindako lanak; bai eta artistak zendu baino lehen egindako azken eskultura, 2009koa.
Bilbon, 2013ko irailaren 27an