- 2019ko apirilak 12–urriak 6
- Komisarioa: Petra Joos, Giovanni Casini-rekin lankidetzan, eta honen aholkularitzarekin: Vivien Greene, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-eko Senior Arte-arduraduna, XIX. mendean eta XX. mende-hasieran aditua
- Babeslea: Iberdrola
Giorgio Morandi margolari boloniarrak eguneroko objektuak irudikatu zituen bere natura hiletan, eta mundutarra den guztia formarik aratz eta oinarrizkoenean kondentsatu zuen bere konposizioetan.
Erakusketa honi esker, lehen aldiz toki berean ikusi ahal izango ditugu Morandiren margolan nahasezinak eta haren ibilbidean zehar haren jarduera artistikoan eragina izan zuten Antzinako Maisuen zenbait obra.
Hiru aretoetako bakoitzean, elkarrizketa bat sortzen da Morandiren margolanen eta Antzinako Maisuetako batzuen obren artean, eta italiarrak aitzindariengandik bereganatu zituen obrako alderdi aipagarrienak nabarmentzen dira: XVII. mendeko Espainiako pinturaren dramatismoa, seicento italiarreko naturalismoa, eta Chardinen intimitatea eta geometria.
Miresten zituen Antzinako Maisuen obretako xehetasun batzuetan jarri zuen arreta bereziki Morandik; besteak beste, hauetan: Grecoren loreak, formen eraikuntza Zurbaránen argian oinarrituta, XVIII. mendeko Crespi margolari boloniarraren konposizioetako xehetasun xumeak eta Chardinen karta-gazteluak.
Guggenheim Bilbao Museoak Atzera begira: Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak dakarkigu, XX. mendeko margolari italiar garrantzitsuenetako baten obra zeharkatzen duen ibilbide zabala, agerian ipintzen dituena hark margotu zituen natura hilen eta artearen historiako erreferentzia nagusietako batzuen arteko harremanak. Iberdrolak babestuta, erakusketa honek lehen aldiz bilduko ditu Morandiren aparteko pinturetako asko eta lau hamarkadatan zehar (hau da, gerrarteko garaitik 1960ko hamarkadaren hasierara) haren jarduera artistikoan eragina izan zuten Antzinako Maisuen obretako batzuk.