Erakusketa hasiera eta amaiera egunak: 2012ko ekainak 12 – abuztuak 26
Lekua: 103B aretoa
Babeslea: BBK
Hezkuntza programa honen hamabosgarren urtean, sei eta hamabi urte bitarteko 112 ikaslek erakunde honen hamabosgarren urtebetetzearen oroigarri izango diren artelanak sortu dituzte.
Gaztetxo hauek EAEko ikastetxetakoak dira, eta sormen handiko sei artelan sortu dituzte, Museoko 103B aretoan ikusgai izango direnak.
1997–2012 egutegi original bat, Museoari eskainitako poesia bisual bat, “15 eskuk” osatutako trofeo bat, posta txartel oroigarriak eta Zorionak, Guggen! izeneko bideo bat dira 2011–12 ikasturtean Artea ikasbide: “Zorionak, Museoa!” programan parte hartu duten 112 artista txiki horiek sortutako artelanetako batzuk, erakundeari zorionak eman nahi izan dizkiotenek bere XV. urteurrenean.
“Lan guztietan elkarri laguntzen diogu, baita era guztietako materialak erabiltzen ditugun oso jarduera dibertigarrietan ere. Eta gure azkeneko jarduera Guggenheim Bilbao Museora joatea izan da, gure lanetarako ideiak jasotzeko”. Bilboko Ingeniero Orbegozo Gorostidi LHIko 4. mailako ikasleetako batek halaxe adierazi zuen aurten hamabost urte betetzen dituen programa honetan izan duen esperientzia.
Erakusketa honek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketak Sailaren laguntza jaso du eta BBK da babeslea. Abuztuaren 26ra arte, eszenatoki magiko bihurtuko da Museoko 103B aretoa: haurrak izango dira sormenaren abenturaren protagonista nagusi.